«Langileon Donostia» eraikitzera deitu du LABek Miramarren
Pankarta handi bat zintzilikatu du LAB sindikatuak Miramarretik behera.LAB LAB sindikatuak Donostiako hiri eredua kritikatzeko ekintza egin du astearte goizean Miramar jauregiko lorategietan, lorategietatik behera Langileon Donostia eraiki! leloa zeraman pankarta handi bat zintzilikatuz. “Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azkenaldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita”, salatu dute.
Ildo beretik, “zaintza lanen banaketa eza, etengabeko prekaritatea, gutxieneko soldata minimo propioaren ukatzea, etxebizitza duin baterako eskubidearen urraketa, zerbitzu publikoen pribatizazioa, bizitzaren garestitzea eta, oro har, langileriaren sektore ezberdinok jasaten dugun diskriminazioa eta zapalkuntza eguneroko ogi bilakatu dira gurean”, gaineratu dute.
Horrela, hiri eredua ardatz izango duten deialdietara “adi” egotera deitu dituzte donostiarrak: “Kapitalaren eraso etengabearen aurrean, donostiar langileok geure buruaren jabe izan, bizitza bizigarriagoren alde antolatu eta ofentsibara pasatzeko unea dela argi dugu”.


