Osakidetzaren murrizketak salatu ditu DOPAk: «Ez dute kalitatezko osasun bat bermatzen»
Groseko anbulatorio parean bildu dira DOPA plataformakoak, murrizketak salatzeko. Nagore Garmendia Azken urtetako Gabonen bueltan, murrizketak egin ditu Osakidetzak Lehen Arretan, eta aurten ere halaxe egingo dutela salatu du Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataformak; beren ustetan, murrizketa horiek Lehen Arreta “ahultzen” dute. Gaur bildu dira Groseko Anbulatorioan, murrizketa horien aurka protestatzeko.
“Osasun sailburuak “zerbitzuen antolaketa” gisa definitzen ditu, baina murrizketak dira”, salatu dute. Esan dutenez, arlo publikoaren “narriadura publikoa normalizatzea” ez da aukera bat, Lehen Mailako arretak beharrezko baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak behar dituelako, bere funtzionamendua mantentzeko. Horrela soilik bermatu daiteke kalitatezko osasun bat, beraien ustez.
Arretaren kalitatea okertzea
Hauek dira DOPAk salatzen dituen murrizketak: bat; ordutegiak murriztu dituzte, osasun zentro gehienetan. Horrez gain, zentro horiek hainbat egunetan eta jaiegunetan ere itxiko dituzte. Bi; medikurik gabeko osasun zentroak eta Etengabeko Arreta Guneak (EAG) egongo dira. Hiru; langile falta: horrek lan gainkarga eragiten du eta kontsultarako denborak murrizten ditu, besteak beste. Lau; horren guztiaren eraginez, itxaron zerrendak ugarituko dira. Gainera, larrialdiak bete egingo dira horrela, eta horrek “arretaren kalitatea okertuko du”. Bost; murrizketa horiek egiturazkoak dira, ez dira zerbait puntuala. Salatu dute urtean bost aldiz egiten dituztela murrizketa horiek. Eta, azkena, klinika eta aseguru pribatuei mesede egiten dietela.


