Udalak eta Eusko Jaurlaritzak protokolo bat adostu dute Donostian etxebizitza publikoa egiteko
Donostiako etxebizitza ugari eta garabi bat.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarduera protokolo bat adostu dute hirian babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak sustatzeko. Protokoloaren helburua da oinarri batzuk finkatzea, etorkizunean aipaturiko etxebizitzak planifikatzeko, sustatzeko eta elkarlanean bideratzeko.
“Protokolo honen bidez hiriaren argazkia hartu dugu. Identifikatu ditugu ezagunak ditugun hirian ditugun eta eraikigarriak diren partzelak. Urumeako ardatza hor dugu, Loiolako kuartelak, Txomiñenea 2, Antzita, Sarrueta, Loiolako Erribera, Morlans, Infernua, Illarra, Igara eta Auditz Akular”, azaldu du Jon Insausti alkateak.
Protokoloaren arabera, udalak Jaurlaritzari doan laga nahi dizkio babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak har ditzaketen lurzatiak. Era berean, Jaurlaritzak adierazi du prest dagoela lurzati horiek onartzeko, alokairu babestuko erregimenean lehenbailehen sustatzeko, behin lagapena formalizatuta.
Bi erakundeen artean nola lan egingo duten adostu dutela adierazi du Insaustik: “Hori ona da. Aurrerapauso handia da, adosteko elkarlana nolakoa izango den. Orain banaka aztertu behar dugu zer egingo dugun, nola eta zer denboratan. Zein eratako etxebizitzak izango diren zehaztu behar da, eta, jakina, babestuak izango dira gehienak. Bi premisa ditugu, lehentasunak ezartzea eta ekonomikoki bideragarriak izatea”.
Bi aldeek adierazi dute lankidetza hitzarmen espezifikoak sinatu nahi dituztela adostu daitezkeen eremu edo lurzati bakoitzerako. Bestalde, protokolo honen jarraipena egiteko batzorde misto bat eratzea erabaki dute. Batzorde hori alde bakoitzeko hiru ordezkarik osatuko dute.


