Ander Izagirrek jaso du Raul Guerra Garrido beka
Ander Izagirre saritua –ezkerretik hirugarrena–, albo batean Alberto Muñagorri, eta, bestean, Goizane Alvarez diputatua duela, besteren artean.Gipuzkoako Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak Ander Izagirre kazetari eta idazleari eman dio 2025eko Raul Guerra Garrido beka. Horri esker, Muñagorri proiektua aurrera eramango du, Alberto Muñagorriren bizitza kontatzen duen liburua. Muñagorri 10 urteko haurra larri zauritu zen 1982an, ETAk Errenteriako erdialdean jarritako bonba batek eztanda egin izanaren ondorioz.
Aldundiak 2023tik bultzatu duen beka honek helburutzat du 25.000 euroko laguntzaren bidez ibilbide sendoa duten egileen sorkuntza artistikoa bultzatzea, eta, aldi berean, errealitate sozialarekin eta literaturan eta konpromiso sozialean erreferentzia izan zen Raul Guerra Garridoren bizitza eta lana gidatu zuten balio demokratikoekin elkarrizketan jardungo duten obrak sustatzea. Aurtengo deialdian, 12 proiektu aurkeztu dira.
Kulturako diputatu Goizane Alvarezek hautatutako proiektuaren garrantzia nabarmendu du: “Muñagorriren historiak gizarte gisa interpelatzen gaitu. Historia hau ez da iraganekoa; oraina argitzen du eta etorkizunaz gogoeta egiten laguntzen digu. Ander Izagirreren lanak ongi baino hobeki adierazten du beka honen espiritua: sorkuntza kritiko, zorrotz eta zinez gizatiarra da berea, memoria demokratikoa eta giza eskubideekiko konpromisoa indartzen laguntzen duena”.
Izagirreren liburuak, Muñagorriren bizitza markatu zuen atentatua berreraikitzeaz gain, Gipuzkoako 1980ko eta 1990eko hamarkadako testuinguru sozial, politiko eta gizatiar konplexua ere berreraikiko du, baita lurraldeak ordutik gaur egun arte izan duen bilakaera ere. Hainbat hamarkadatan bere herrian bertan tabu bihurtu zen Muñagorriren biografiaren bidez, egileak askotariko gaiak aztertuko ditu, hala nola indarkeriaren zauriak, liskar politikoa, immigrazioaren etorrera, nuklearren aurkako borroka, gizarte-mugimenduak, heroinaren agerpena, biktimek espazio publikoan izan duten eraldaketa eta memoriari eta bizikidetzari buruzko eztabaida garaikideak.
Kazetariak adierazi duenez, “1980ko hamarkadako Euskal Herriko haur askori geratu zitzaigun grabatuta Alberto Muñagorri, ETAk kalean utzi zuen motxila batek eztanda egin ziolako hanka bat eta begi bateko ikusmena galdu zituen Errenteriako mutikoa. Izan ere, ohartarazpen horrekin hazi ginen: poltsa abandonatu bat ikusten baduzu, ez ukitu, lehertu egin daiteke eta, Errenteriako mutikoari gertatu zitzaion moduan. Muñagorri 1982ko pertsonaia gisa geratu zitzaigun memorian, zuri-beltzean, eta jakin nahi izan nuen nolakoa izan den haren bizitza gaur egunera arte. Alberto ezagutu nuen, bere historia kontatu zidan pixkanaka, haren inguruko pertsonekin hitz egin nuen, eta aukera aparta iruditu zitzaidan: Errenteria gisako herri astindu batean hazi eta bizi izan den biktima baten bizitzari jarraitzen badiogu, Euskal Herriko historia biolentoaren mende erdia konta dezakegu: ETAren atentatuak, kale borroka, mehatxuak eta jazarpenak, GAL, belaunaldi bat hondatu zuen heroina, gizartearen isiluneak eta erreakzioak, biktimen marjinazioa… terrorismoa bukatu eta oroimen, damu, barkamen eta bizikidetza prozesu batzuetara iritsi arte. Muñagorrik oso gertutik bizi izan ditu gai horiek guztiak”.
Proiektuak dokumentazio lan zabal bat eta elkarrizketa luzeak ditu oinarri. Elkarrizketatu ugari izan dira, besteak beste, Muñagorri bera, haren familia, hurbileko pertsonak, biktimak, ETAko garai bateko militanteak, memorian eta gizarte mugimenduetan aditu direnak, arduradun politikoak eta garai hartako beste lekuko batzuk.


