Lurraren eta uraren defentsan altxamenduak antolatzeko liburua
'Lehen astinduak' liburua aurkeztu du gaur Eider Beobide itzultzaileak, Lurraren Altxamenduak kolektibo ekologista antikapitalistaren "gidaliburua".
Eider Beobide, itzultzailea. Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bertan behera geratuko dela jakinarazi duten egun berean aurkeztu dute Lehen astinduak, iraultza ekologista bat liburua, Frantziako Lurraren Altxamenduak kolektiboak idatzia, eta Eider Beobide itzultzaile donostiarrak euskarara ekarria. Urdaibaikoa jende antolatuak kontra egin diolako gelditu dela adierazi du Hedoi Etxarte editoreak, eta hain zuzen, hau dela liburuaren helburua: mugimendu ekologista iraultzaileak antolatzea.
“Europan dagoen kapitalismoaren kontrako erresistentzia mugimendurik handi, eraginkor eta zabalena” dela adierazi du Etxartek; 150.000 kidek osaturiko taldea dela, garaipen ugari lortu dituztela jada –obra, fabrika, ur-biltegi eta makina ugari geldiaraziz– eta nekazariz, ekologistaz eta bestelako mugimenduetako militantez osatua dagoela, adin ezberdinetako jendea izateaz gain.
Horrek egiten du interesgarri liburu hau, Etxarteren esanetan, are gehiago Euskal Herrian martxan dauden makroproiektuak kontuan hartuz gero. Hitzaurrea egin duten Ipar Euskal Herriko OSTIAko kidek ere “esperantza” dute liburu honetan, borroka ekologistan “jauzi” bat eman ahal izateko balioko duelakoan.
Liburu kolektiboa
Beobiderentzat, ere, liburu hau “sakona” eta “pertinentea” da. “Ekintzei hitzak jarri” dizkietela adierazi du, eta gogora ekarri, mugimenduan den mugimendu bat dela liburu honen eragilea. Alegia, kolektiboki idatzia dela, eta orainaldian, borrokari biziki loturik dela. Liburua idazten ari ziren unean haien kontrako errepresio polizial eta judiziala jasan behar izan zuten, adibidez, eta liburua debekatzeko zorian izan dira, Frantzian.
Lurraren Altxamenduek hiru auziri erantzuten diete, itzultzailearen ustez: borroka ekologistari, borroka sozialari eta borroka kolonialari. Honela, lurraren eta uraren defentsa, klase borrokan guztion bizi baldintzen defentsa eta herrien autodeterminazio eta lurren itzuleraren defentsan artikulatutako mugimendu intersekzional gisa uler daiteke honakoa.
Borroka moldeen inguruko liburua da baita ere. Hormigoiaren edo agroindustriaren inguruko analisiaz gain, borroka taktika eta antolakuntza moldeen inguruko hausnarketa ugari eskaintzen baititu. Horregatik, “mundua aldatu nahi duen ororentzat” da liburu hau: lurraren defentsatik hasita, euskalgintzaraino.
Aurkezpenean azaldu dutenez, eztabaida piztuko du liburu honek, eta horretarako hainbat aurkezpen egingo dituzte Euskal Herrian zehar, tokiko mugimendu ekologistak. Honezkero Baionan, Ortzaizen (Behe Nafarroa), Baztanen (Nafarroa) eta Donostian antolatu dituzte aurkezpenak, eta Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, gutxienez ere eginen dituzte.


