San Telmo museoak datorren urteko programazioa aurkeztu du
Erakusketa iraunkor bat, bost aldi bateko, beste hainbeste Laborategi aretoan eta hamaika jarduera. 2026ko egitarau oparoa aurkeztu du San Telmo museoak, bere ohiko ildoei jarraitu eta gai garrantzitsuei buruz eztabaidatzeko aukera eman asmoz.
Erakusketa iraunkorren aretoan Industria, aldaketaren eragile Gerardo D’Abrairaren industria marrazki sorta martxoaren 6tik irailaren 6a arte ikusgai izango dira. Gipuzkoako instalazio industrialetarako marraztu zituen bista panoramikoak ardatz hartuta, Bizkaian eta Errioxan egindako beste marrazki batzuk baztertu gabe. Orain arte ezezaguna zen artistaren lanaren zati bat erakutsiko du.
Aldi baterako erakusketei dagokienean, berriz, urria amaieratik ikusgai dagoen Amazoniak. Antzinako etorkizuna bilduma apirilaren 12ra arte mantenduko dute eta jarduera eskaintza zabala antolatu dute. Haren ondoren, Goya: Gerraren hondamendiak. Begirada garaikidea helduko da maiatzean eta iraila arte bisitatu ahal izango da. Bertan, museoaren jabetzakoa den Goyaren Los desastres de la guerra 80 grabatuko serio osoa aurkeztuko dute. Gerrari buruzko gogoeta unibertsala osatzen duten irudi horiei egungo sorkuntzak ematen dion begirada garaikidea gehituko diote.
San Telmo museoak eta MAPFRE fundazioaren elkarlanaren emaitza den Paper gaineko artea ekainaren 26tik irailaren 27ra bitartean erakutsiko dute. Mariano Fortuny, Joaquin Sorolla, Maruja Mallo edo Pablo Picasso, Edgar Degas, Auguste Rodin edota Ignacio Zuloagaren marrazki sorta bat jasoko dituzte. Jarraian, Mauricio Anton. Artea eta paleontologia helduko da eta urriaren 23tik 2027ko urtarrilaren 24ra bitartean egongo da. Erakusketak paleoartista batek nola lan egiten duen aztertzen du eta bere ekoizpenaren hainbat adibide aurkezten ditu, desagertutako animalia eta ekosistemetatik hasi eta giza eboluziorainoko irudien bitartez. Olioen, arkatzezko marrazkien eta formatu digitaleko erreprodukzio batzuen bidez, Mauricio Antonen ekoizpen ilustratzailea aurkezten da ikerketa paleontologi proiektuetan, argitalpenetan eta erakusketetan egindako kolaborazioetan.
Urteko azken proposamena Eskua da, azaroaren 6an erakutsiko dute eta 2027ko otsailaren 7a arte gelditu. Etnografia-bildumak berrikustea proposatzen du, XX.mendearen hasieran mekanizazioarekin desagertu ziren keinu eta koreografien artxibo baten bidez. Erakusketak artisau-lanen orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta sortzailea piztea proposatzen du, baita gizarte “aurreratuetako” esku eta gorputz keinuen ingurukoa ere, industria ekoizpenean hainbeste hedatu den robotizazioaren eta adimen artifiziala sartzearen ondorioz.
Bestalde, Laborategia aretoan Eszena iluna. Bera esna martxoaren 1era arte egongo da. Kutxa Fundazioak eta San Telmo museoak elkarlanean aurrera daramaten Artea Abian programan aukeratutako seigarren artistaren lana aurkezten du: Natalia Sauarez Ortiz de Zarate. Ondoren Argia San Telmo Museoan bilduma iritsiko da ekaina arte. Hari lekukoa Haizearen eta ametsen artean bildumak hartuko dio, ondoren Desobedientzia Ikasten Isabell Coixeten collageak helduko da, eta urtea, hasi bezala, Artea Abian programako irabazlearen lanek itxiko dute.
Jarduera eta programei dagokienez, museoak bere ohiko lan ildo eta dinamikak garatzen jarraituko du 2026an. Besteak beste, gai garrantzitsuei buruz eztabaidatzen jarraituko du, hala nola larrialdi klimatikoa, giza eskubideak, feminismoa, Europa, migrazioa eta beste zenbait kezka. Programazioaren zati handi bat dagoeneko finkatuta dauden eta prestigioa duten beste erakunde batzuekin lankidetzan antolatuko du.
Bildumaren eta ondarearen inguruko jarduerak museoaren programazioaren zutabeetako bat dira, museoko bildumak eta haren ezagutzan sakontzen duten antzeko diziplinak zabaltzeko.
Halaber, museoko zikloekin jarraituko dute, esaterako, San Telmo Museoaren Lagunen Elkartearen eskutik gauzatzen duten hileko obra edota Aranzadi Zientzia Elkartearen Arkeologia eta Etnografia Jardunaldiak. Baita historia eta egungo sorkuntza garaikidea eta ondarearen berrirakurketa sortzailea bultzatzen duten proiektuak. Argazki liburuaren inguruko jardueren lerroa edota museoa modu informalagoan bisitatzeko aukera ematen dutenak: San Telmo Gaua, Hamabostaldia, Zinemaldia…


