Dbusek zerbitzuetan aldaketak egingo ditu, abenduaren 22tik aurrera
Datorren astelehenean, hilaren 22an, Dbusek zerbitzuetan hainbat aldaketa egingo dituela jakinarazi du, “lineen funtzionamendua hobetzeko eta ibilbideak eta ordutegiak egungo beharretara egokitzeko, eskuragarri dauden baliabideetatik abiatuta”.
5 Benta Berri linearen irteerak eguneratuko dituzte, berriz Zarautz hiribidetik zirkulatuko duelako —astelehenetik ostiralera, 09:00etik 20:00etara—. Horrela, Zumalakarregi hiribidetik eta Tolosa hiribidetik aurrera, Elias Salaberria kaletik jarraituko du Zarautz Hiribiderantz. Era berean, ordutegiak eguneratuta, 25 Bentaberri-Añorga linearen irteerekin hobeto koordinatuko da.
16 Igeldo lineak maiztasun handiagoz emango du zerbitzua, hilaren 22tik urtarrilaren 5era, bi egun horiek barne —Gabon gauean eta Urte Berri egunean izan ezik—. Zerbitzua 10:05etik 21:05era bitartean areagotuko da, eta ordu tarte horretan 20 minutuko maiztasunez emango da zerbitzua —10:05etik 21:05era bitarteko irteerak Bulebar 19tik, eta 11:00etatik 22:00etara bitarteko irteerak Kanpinetik.
28 Amara-Ospitaleak linearen ordutegiak eguneratuko dira, astelehenetik ostiralera. 06:30etik 09:00etara bitartean izango dira, bi irteera gehiagorekin, noranzko bakoitzean eta 7-8 minutuko maiztasunekin, puntualtasuna eta erregulartasuna hobetzeko.
40 Gros-Antigua-Igara lineak Grosen eta Igaran egiten duen ibilbidea 33 Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineak egiten duen bera izango da. Linea horrekin koordinatzeko, 40 linearen maiztasuna hobetuko da, eta zerbitzua hogei minutuan behin emango du, egun duen 30 minutuko maiztasuna eduki beharrean. Horrela, Gros-Erdialdea-Antiguo-Igara ardatzak hamar minutuko maiztasuna izango du bi lineekin, eta gune horietako erabiltzaileei zerbitzu hobea emango zaie, baliabideak hobeto erabiltzeko aukera izango baitute. Horretarako, 40 linearen ordutegiak aldatuko dira.
33 Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineari dagokionez, Larratxotik beste irteera ordu bat gehitu da Igararaino, goizeko 6:35ean, Larratxo-Intxaurrondo-Gros-Erdialdea-Antiguo-Igara ardatzean lehen orduan ematen den zerbitzua hobetuta.


