Gainontzeko udalei kale egoerarako zerbitzuak aktibatzeko deia egin diete EAJk eta PSE-EEk, Donostian «eskaera efektua» ekiditeko
Donostiak baliabide horiek guztiak izateak "eskaera efektua" sortzen duela adierazi dute EAJk eta PSE-EEk eta, ondorioz, "hirian elkartzen direla horrelako baliabiderik ez duten herrietatik datozen bazterketa egoeran dauden pertsonak".
Etxegabeen egoera salatzeko, Harrera Sareak, Kaleko Afari Solidarioak taldeak eta SOS Arrazakeriak siluetak jarri zituzten martxoan Donostiako kaleetan.Xalba Ramirez Kale egoeran bi pertsona hil berritan, EAJ eta PSE-EEren udal taldeek Donostiako udalbatzarrari mozio arrunta aurkeztu diete “larrialdietarako eta kale egoeran dauden pertsonen arretarako” programei buruz. Bertan, Donostialdeko udalei dei egiten diete, udalen artean zein eskumena duten gainerako erakundeen artean “kale egoeran dauden pertsonak artatzeko eta gizarte larrialdietarako sistema koordinatu eta orekatu bat sortzeko”.
Proposatu dute “partekatutako baliabideak eta eskualdean banaketa mekanismo orekatuak sortzea, udalerri bakarraren gain ez egoteko esku hartze presio osoa”. Donostiako Udaleko jeltzaleen bozeramaile Olatz Yarzak esan du Donostia dela gizarte larrialdiei berehala aurre egiteko eta kale egoeran dauden pertsonei laguntza emateko zerbitzu sarea duen “Gipuzkoako udalerri bakarra”. Eta sare hori azken urteetan “sendotu” dela eta udalerriko gizarte politiken “zutabe nagusienetako” bat dela.
Honako zerbitzuak nabarmendu dituzte: urteko 365 egunetan 24 orduz operatibo dagoen Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua, Udalaren Gizarte Abegi Etxea, Familiak Artatzeko Zentroa, Gaueko Artepea, kale egoeran dauden pertsonentzako Eguneko Zentroa (HESTIA), 32 abegi eta tutoretzape etxebizitza, eta neguan zehar 100 plaza gehigarri sortzen dituen aterpetxea.
Sozialisten bozeramaile Ane Oiarbidek aipatu duenaren arabera, “Donostiak eta bertako herritarrek urte asko daramatzate eskuzabaltasun handia eta konpromiso sendoa erakusten gehien behar duten pertsonekin. Gure atea jotzen dutenei zein deitzen ez dutenei kasu eginez”. Hala ere, adierazi duenez, “Donostiak ezin dio laguntza tentsio horri bakarka aurre egin, inguruko udalerriek konpromisoa hartzea eta erantzukizuna bere gain hartzea behar du, legeak ezartzen duen bezala. Une zailenetan frogatzen da benetako borondate politikoa. Eta borondate hori ekintzekin eta baliabideekin frogatu behar da, Udal Gobernu honekin frogatzen ari den bezala”.
Era berean, EAJren udal taldearen bozeramaileak adierazi du, baliabide horiek guztiak izateak “eskaera efektua” sortzen duela eta, ondorioz, “hirian elkartzen direla horrelako baliabiderik ez duten herrietatik datozen bazterketa egoeran dauden pertsonak, eta horrek desoreka sortzen duela Donostiaren eta eskualdearen gainerako udalerrien arteko arreta egiteko presioaren artean”. Horiek horrela, Yarzak segidakoa gaineratu du: “Ez dago ardura partekaturik, izan ere eskualdearen gainerako udalerriek ez dute betetzen Gizarte Zerbitzuen gaineko Legeak eta Kartera Dekretuak ezarritako betebeharrekin”.
“Eskualde estrategia”
Mozioa Agustindarren eraikinaren kaleratzearen harira etorri da. Horrenbestez, jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu du, kaleratzearen ondorioz udal gizarte zerbitzuek “larrialdi egoera berri” bati aurre egin behar izan diotela, eta horrek “arreta egiteko estruktura gehiago tenkatu duela”. Eta ondorioz, agerian gelditu da Donostiak bere gain hartzen duela arreta ia guztia, dituen eskumenak eta baliabide materialak gaindituz.
Mozio honen bidez Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiten zaio, “bizitoki bazterketa eta gizarte larrialdi egoeran dauden pertsonak artatzeko erakundeen arteko ardura partekatua bermatzeko. Eta horretarako, behar diren baliabideak jartzeko egun Donostiak esklusiban bere gain hartzen dituen zerbitzuak eskualde estrategia batean integratzeko, hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuetako Legearekin eta Kartera Dekretuaren eskumenekin lerrokatuta dagoen estrategian”.


