Sahararen aldeko janari bilketa abiatuko dute asteburuan Garberan
Sahararen aldeko karabanaren aurkezpeneko irudia.Donostiako Udala Saharar herriaren aldeko elkarteek elikagai bilketa kanpaina berri bati ekingo diote asteburuan. Ostiralean eta larunbatean, hilak 19 eta 20, janariak eta laguntza humanitarioa bilduko dituzte Garberan. Oporraldiaren ondoren, berriz, urtarrilean hiriko hainbat auzotan eta ikastetxetan jarraituko dute.
2025-2026ko Sahararen aldeko euskal karabana Piztu itxaropena proiektuaren aurkezpenean, Saharak bizi duen egoera larriari erreferentzia egin zioten Jon Insausti alkateak, Fronte Poliarioko ordezkari Fatima Labialek, Herri sahararren aldeko euskal elkarteen federazioko Junkal Bauzak eta Donostiako taldeko kide Maite Berzosak.
Kanpainaren helburua saharar errefuxiatuen kanpalekuetara elikagaiak bidaltzea da, azken urteotan egoera humanitarioa nabarmen okertu baita, bereziki elikaduraren eta osasunaren arloan. Antolatzaileek azpimarratu dute egoerak eragin berezia duela haurrengan eta haurdun dauden emakumeengan.
Aurreko urteetan herritarren elkartasunari esker, 100 bat tona laguntza bildu dituzte, horietako 44 tona Gipuzkoan. Aurten ere parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Kanpalekuetara bidean, karabana otsaila amaieran edo martxo hasieran Zurriolatik abiatzea aurreikusi dute.


