Scientia Schoolek epaitegietara jo du Hezkuntza Sailaren aurka
Karmelo ikastetxeko langileen elkarretaratzea bateko artxiboko irudia.Nagore Garmendia Scientia School hezkuntza talde pribatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurkako demanda aurkeztu du epaitegietan, Donostiako Amara Berri auzoko Karmelo eta Bilboko San Pedro ikastetxeen itxieren harira. Zehazki, Scientia Schoolek hamazazpi milioi euro eskatu dizkio Hezkuntza Sailari, ikastetxeekin egindako administrazio eta kontratu kudeaketak eragindako kalte galerak direla eta.
Enpresak azaldu duenez, Jaurlaritzak ez dio erantzunik eman irailean aurkeztutako administrazio-errekurtso bati, “administrazioari egindako irregulartasunak bere gain hartzeko eta, horrela, akordio bat lortzeko eta epaitegietara jotzea saihesteko azken saiakera gisa”. Hori dela eta, epaitegietara jotzea erabaki dute.
Karmelo ikastetxea
Scientiak 2019an erosi zuen Amara Berriko ikastetxea bertan bestelako hezkuntza eredu bat ezarri eta garatzeko asmoz. Azken urteetan izandako matrikula kopuruaren beherakadak eta inguruan zegoen eskaintza handiak, ordea, proiektua alboratzea ekarri zuen, eta 2024ko urtarrilean iragarri zuten zentroa itxiko zutela.
Horren harira, langileak mobilizatzen aritu ziren hainbat hilabetez, hainbat greba egun eginez, besteak beste. Egoerari irtenbide bat emateko bidean, Eusko Jaurlaritzak zentroa erosiko zuela iragarri zuten, baina, azkenean ez zuten salerosketa gauzatu, Scientia Schoolen ustez, “nahikoa justifikatu gabe”. Azkenean, Pryconsa higiezin sustatzaileak erosi zuen eraikina.


