Udaltzaingoa 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko da taser pistolak erabiltzen
Taser pistola baten artxiboko irudia. Donostiako Udaltzaingoak bost taser pistola izango ditu erabilgarri 2026ko lehenengo hiruhilekotik aurrera, Donostiako Udaleko iturriek baieztatu dutenez. Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak asteartean onartu zituen arma horiek erabiltzeko jarraibideak eta aurreikusita dago momentuz bost taser pistola erostea, Udaltzaingoaren txanda bakoitzeko bat. Udalak joan den urtean agertu zuen Udaltzaingoarentzat taser pistola “baten bat” erosteko asmoa, Udaltzaingoaren “modernizazio” prozesua dela eta.
Zehazki, asteartean onartutako dokumentuan jasota dagoenez, T10 modeloko taser pistolak erosiko dituzte, “polizia indarra erabiltzeko baliabideen zuzkidura eguneratzeko”. Dokumentuak jasotzen du, halaber, T10ak hamar zunda elektriko dituela, “arma ez-hilgarriak” direnak eta horiek, “tiro egin eta subjektuarekin kontaktuan jartzean, immobilizazio neuromuskularra eragiten” dutela. “Horri esker, agenteek pertsonari eusteko modua dute. Gailuak teknologiarik eguneratuena du, eta legeriarekin eta giza eskubideekin bat datorren erabilera bermatzeko neurriak jasotzen ditu”, dokumentuaren arabera. 13,7 metroko irismena dute arma horiek, eta atera bezain laster, automatikoki, agenteak gorputzean eraman behar duen grabazio sistema bat bideoan grabatzen hasten da hortik aurrera gertatzen den guztia.
Formakuntza eta erabilera baldintzak
Arma horiek erabili ahal izateko, formakuntza zehatz bat jaso behar dute polizia agenteek, eta hori jasotzen ari dira Donostiako udaltzain batzuk orain, hain zuzen ere. Badira hainbat urte Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, besteak beste, halako armak erabiltzen dituztela, baina oraindik ez dira oso ohikoak herri eta hirietako Polizia erakundeetan.
Era berean, dokumentuak dio pistola elektrikoak “hirugarrenen eta immobilizatu eta kontrolatu beharreko pertsonen osotasun fisikorako edo bizitzarako arrisku larria dagoenean besterik” ez dela erabiliko, eta, betiere, “su armak erabiltzearen alternatiba gisa”. Dokumentu ofizialak dioenez, halaber, “erabili aurretik, hura erabili behar duenak ebaluazio bat egingo du: immobilizatu edo kontrolatu beharreko pertsonaz eta esku hartzaileek une horretan dituzten giza eta baliabide materialez. Batez ere, subjektuari buruzko inguruabar bereziak hartu beharko dira kontuan: arma zuriak edo objektu arriskutsuak edukitzea; substantzien kontsumoak, alkoholak edo nahasmendu mentalak eragindako agresibitate neurriz kanpoko, eta aparteko indarra edo borrokarako trebetasunak jakitea”.
Bestalde, tiro egin aurretik, agenteak “ohartarazpen alerta” bat egin behar duela jasotzen du dokumentuak: “Aseguru palanka altxatzea. 1.000 lumeneko linterna dizdizaria piztuko du gailuak orduan, eta soinu zorrotz bat egin ere bai aldizka”. Behin tiro egitean, tiroaren hartzaileak ez luke immobilizazio neuromuskularrik eduki beharko, izan ere, lehenengo tiroarekin, ez dago zirkuitu elektrikorik. Behin bigarren tiroa emanda, orduan bai, korronte elektrikoa bidaliko litzaioke tiroa jasoko lukeen pertsonari. Bigarren tiro hori egin aurretik, “taser, taser, taser” esan behar du ahoz poliziak, nahiz eta “premia taktikoa izanez gero”, abisu hori alde batera utzi ahalko den, dokumentuaren arabera. “Litekeena da zabalduriko zundek immobilizazio neuromuskularrik ez lortzea (sakabanatze txikia, arropa bidezko konexiorik eza, tiroko akatsak eta abar). Kasu horretan, tiro egiten jarraituko da, pertsona neutralizatu arte”, jasotzen du, baita ere, testuak.
Ezbeharren aurrekariak
Katalunian, 2021ean gizon bat hil zuten mossoek taser pistola batekin, eta Parlamentuak araututako irizpideetatik kanpo jarduten dutela salatu izan dute hainbat eragilek. Reuters agentziak egindako ikerketa baten arabera, AEBetan 1.081 hildako eragin ditu arma honek.
Izan ere, berez hilgarria ez den arren, osasun arazoren bat izanez gero, emaitzak atzera bueltarik gabekoak izan daitezke. Horregatik, udal dokumentuak dio agenteek, tiro egitean, saihestu egin behar dutela pertsona buruan —batez ere, begietan—, lepoan, bularrean eta genitaletan jotzea, baita nabarmendu ere ez dela “gomendagarria” profil hauetako pertsonen aurka tiro egitea taser pistolekin: “Haurdun dauden emakumeak, adineko pertsonak, haurrak eta erabat argal dauden pertsonak”.
Bihotz osasun arazoak dituzten elkarteek salaketa ugari jarri dituzte, kolektibo bereziki zaurgarria direlako, eta polizia agenteek tiro egin aurretik ezin dutelako jakin. Amnesty Internationalek ere hainbatetan salatu du arma hauen erabilera.



