12 urteko ikasleen %75k ez du smarphonik Donostiako Antigua-Luberri institutuan
Donostiako Antigua auzoan kokatzen den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuko lehen bi mailetako ikasle (12-14 urte) gehiengoak ez du smartphonik eta hirugarren mailara ere gailurik gabe iristeko konpromisoa agertu dute ikasle eta gurasoek. Aurrekaririk ez duen lorpen horren berri eman du Altxa Burua guraso taldeak.
Zehazki, teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi duen Altxa Burua guraso taldeak eskola publikoan bildutako datuen arabera, 12-13 urte dituzten DBH 1eko ikasleen %25k soilik du Smartphone gailurik eta kopuru hau %50ekoa da DBHko 2. mailan (13-14 urte). Beraz, institutuko lehen zikloan %61 dira gainean halako gailurik ez daramatenak.
Luberriko Altxa Buruako kideak pozik agertu dira emaitzarekin, izan ere, giroan ere eragina du eta nerabeen arteko harremanetatik smartphoneak ateratzeak aurrez aurrekoak hobetzea baitakar.
Gailuen gehiegizko erabileraren zabalkundeaz kezkak bultzatuta jaio zen Altxa Burua guraso elkartea, izan ere, ebidentziak argi uzten du gaztetxoen garunaren garapenean nolako eragina duen eta prozesu horri denbora eman behar zaiola mugikor batek izan ditzakeen aukerak norberaren onerako erabili eta arriskuetatik babestuta egoteko.
Gero eta gehiago dira bide horretan lanean ari diren erakunde eta gobernuak. Azkena Australia izan da, izan ere, legez debekatu du 16 urtetik beherakoek sare sozialak erabiltzea.


