Bollotomas: tradizioaren traizioa
Donostiako Asanblada Transbollomarika herriko eragile transfeminista garrantzitsuenetako bat bilakatu da azken urteotan. Bere jatorria Ekainaren 28ko koordinakundean dago, LGTBI Komunitatearen Eguna antolatzeko biltzen ziren taldeetan. Baina berehala ohartu ziren egutegiaren egun bakar horrek ez zuela asetzen komunitatearen benetako beharra, eta hortik jaio zen Bollotomas jaia.
Mijo eta Lasku Donostiako Asanblada Transbollomarikako militanteak.June Agirre Ansa Helburu argi batekin sortu zuten Donostiako Asanblada Transbollomarika: urte osoan zehar lan politikoa egin, komunitatea artikulatu eta espazio seguruak sortzeko espazio propioa izatea. Jarduna askotarikoa da: aliantzak sortzen dituzte hiriko beste taldeekin, ekitaldiak antolatzen dituzte, formakuntza politikoa bultzatzen dute eta, batez ere, Donostiako komunitate ez heterosexualaren ikusgarritasuna handitzen dute: «Diskurtso politikoa egiten dugu heterosexualitatearen aurka eta komunitate ez heterosexuala artikulatzeko», azaldu dute Mijo eta Lasku militanteek —nahiago izan dute soilik ezizenez identifikatzea lerrootan—.
Euren lan horren adibide argienetako bat Bollotomas da, San Tomas egunean antolatzen duten ospakizun alternatibo transfeminista, urteko egun berezietako bat bihurtu dena.
Helburua argia da: gizon zis heteroek okupatu duten egun honetan bestelako komunitateek espazioa dutela aldarrikatzea
Santomasen bestelako irakurketa
Bollotomas Donostiako San Tomas egunean ospatzen den jai transfeminista da, azken urteotan sendotu eta indartu dena. Askotariko jarduerak nahasten dituen eguna da, betiere, ikuspegi transfeminista abiapuntu: kalejira, bertsoak, euskal abestien koru kolektiboa, saltsa-bachata jarduera, jantzi tradizionalen berrinterpretazioa eta, noski, arratsalde-gaueko giro paregabea.
Egunaren helburua argia da: historikoki gizon zis heteroek okupatu duten egun honetan bestelako komunitateek espazioa dutela aldarrikatzea. «San Tomas gizon zuri heteroentzako egun bat da, baina guk ere parte izan nahi dugu, eta ez modu heterosexualean», azaldu dute antolatzaileek. Horregatik antolatzen dute jai alternatiboa, euren izaera eta ikuspegia erdigunean jarriz.
Tradizioaren traizio politikoa
Bollotomasen historia ez da lineala: duela urte batzuk abiatu zuten, etenaldi bat egin zuten eta, geroago, berriro hartu zuen gaur egungo Asanblada Transbollomarikak. Jatorri horrek badu helburu sakon bat: tradizioari buelta ematea, ez baztertuz, baizik eta berrirakurriz: «Ez dugu ukatzen tradizioa, baina gure burua traizio horretan kokatzen dugu», azaldu dute militanteek.
San Tomas eguna ez dute iraganeko postal moduan ulertzen; tradizioa bizirik dagoen zerbait da, eta gaur egungo gorputzek eta identitateek nola bizitzen duten erakusten du bere zentzua. Horregatik, Bollotomasen jolas bikoitzaren bidez jarduten dute: desidentifikazioa; tradizio hegemonikoari uko egitea, eta berreskuratzea; sinbolo horiek moldatu eta propio egitea.
Euren ustez, festa ez da soilik kritika bat: bada euskal kulturaren parte izateko modu bat. «Euskal kulturaren parte izan nahi dugulako egiten dugu, baina ez dugu modu heterosexual batean bizi nahi», azaldu dute. San Tomas alternatibo hau, beraz, sorkuntza politiko eta kulturala da.
Tradizioa bizirik dagoen zerbait da, eta gaur egungo gorputzek eta identitateek nola bizitzen duten erakusten du bere zentzua
‘Kasherito Drag’: euskalduntasuna kolore artean
Iaz, arrakasta berezia izan zuen Kasherito Drag saioak, eta aurten ere izango du bere protagonismoa. Euskal jantzi tradizionalak oinarri hartuta, drag estetikaren bidez janzten dituzte, kolore biziz, lentejuelaz, makillaje oparoz eta genero anbiguotasunez. «Estetikak eta geure burua munduari erakusten diogun moduak pisu handia du generoaren eraikuntzan», gogorarazi dute antolatzaileek.
Euren asmoa ez da parodia hutsa, euskal sinbologiari buelta bat ematea baizik, euskaldun izatearen imajinarioa zabaltzeko. «Badakigu euskal sinbologia dela, baina ez dugu euskal sinbologia horren heterosexualitatea nahi», esan dute, argi.
Kasherito Drag-ek aukera ematen die haien identitateak tradizioarekin askatasunez nahasteko. Maruxak dute erreferente, euskal kultura bera ere disidentziatik berridatz daitekeela erakusten duen taldea.
Espazio publikoaren borroka
Antolatzaileek argi dute: Bollotomasen, eta, oro har, Asanblada Transbollomarikaren jardunean, oztopo handiena ez da antolakuntza bera, hiria baizik: «Donostia turistifikatu eta gentrifikatu batean, espazio publikoa okupatzea oso zaila da genero disidentziarentzat», azaldu dute.
San Tomas egunean, militanteek diotenez, gizon heterosexual askok «lau trago hartu eta gero dena egiteko baimena» dutela sentitzen dute, alkoholaren eta jarrera maskulinizatuaren konbinazio arriskutsuarekin. Horregatik, ezin izan dute inoiz Bollotomas arrakastaz Donostiako Parte Zaharrean egin: «Ezin da bertso saio transfeminista bat egin 46 gizon heterosexual gure ondotik oihuka edo elkarren artean kolpeka dabiltzan bitartean».
Bide horretan, euren aliatuak funtsezkoak direla adierazi dute: «Eskerrak Arranori, Garraxiri eta Marrumari; haiek gabe ezinezkoa litzateke». Horiek dira beste Donostia horren parte bat, Bollotomasi arnasa ematen diona.
Zalantza duen edonori mezu zuzena helarazi nahi diote: hurbiltzeak merezi duela
Poza, indarra eta nahastearen boterea
Bollotomas bizitzea esperientzia indartsua da antolatzaileentzat. «Pozik, ilusioarekin eta eskertuta» sentitzen dira, eta komunitateak egun horretan erakusten duen indarra nabarmena dela adierazi dute.
Egunak dantza, bertsoak, drag saioak eta kantuak ditu, baina bada elementu politiko oso berezi bat: kaleko nahasmendua sortzeko gaitasuna: «Gustatzen zaigu kalean sortzen dugun nahasmena: haurrak haserretzen, jendea begira gelditzen, batzuk interesetik, beste batzuk harriduratik edo nazkatik».
Deserosotasun hori ez da kasualitatea; tresna politikoa da: «Genero disidenteok egunero egin behar diogu horri aurre bakarka, baina Bollotomasen kolektiboki egiten diogu aurre, eta horrek indarra ematen digu gure egunerokoan aurrera egiteko», azaldu dute, harrotasunez.
Gerturatzeko gonbidapena
Bollotomas Donostiak duen beste bihotza da: tradizioa berrasmatu, eraldatu eta ospatzen duen bihotza. Kaleak kolore, aldarrikapen eta ausardiaz betetzen dituen festa kolektiboa.
Jaia gertutik bizi nahi duen arren zalantzati dagoenarentzat, mezua argia da: ez da derrigorrezkoa parte hartzea. «Ez da beharrezkoa drageatuta edo oholtza gainean egotea; trago bat hartuta eta korroan egonda nahikoa da».
Bollotomas gune ez-mistoa da, baina ez da itxia; gune zabal eta inklusiboa da, parte hartzeko moduak askotarikoak dira eta komunitateak beti egiten du bere tokia. Horrez gain, asanbladakoek ohartarazi dute ez dutela inolako erasorik onartuko: «Etorriko den edonork argi eduki dezan, asmoa espazio transfeminista seguru bat sortzea da eta ez da inolako erasorik onartuko».
Horrela, zalantza duen edonori mezu zuzena helarazi nahi diote: hurbiltzeak merezi duela. Ez dira soilik dantza eta parrandarako orduak; bada komunitatea eraikitzeko eta indartzeko lekua ere: «Bollotomas ez da festa soil bat; herria beste modu batean bizitzeko aukera da, eta ateak zabalik daude etorri nahi duen ororentzat».





