Groseko Zabaltza egoitza zabalik mantentzeko «alternatiba bideragarriak» daudela dio EH Bilduk
Izar Hernando eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu Hilaren 22an itxiko dute Groseko Zabaleta kaleko Zabaltza adinekoen zentroa. Auzoko bakarra da, eta 43 urtez eskaini duen zerbitzua bertan behera geratuko da. Donostiako Udal Gobernuak “arrazoi teknikoak” medio hartu zuen ixteko erabakia, eta ordezko leku bat proposatu arren, erabiltzaileek uko egin zioten ez delako “nahikoa eta duina”. Hori dela eta, azken asteotan hainbat mobilizazio egin dituzte auzotarrekin eta hainbat eragilerekin.
EH Bildu udal taldeak bat egin du erabiltzaileen eskaerarekin, eta gai udaleko batzordeetara eta osoko bilkurara eraman dute. Gaur, berriz, agerraldia egin dute udaletxean Izar Hernando eta Ricardo Burutaran zinegotziek. “Badakigu auzoan bertan lokal erabilgarrien alternatiba bideragarriak daudela, eta horien inbertsioa udal honek bere gain har dezakeela erabat. Badakigu, baita ere, aukera horiek mahai gainean jarri direla”, adierazi du Hernandok.
“Itxieraren arrazoia teknikoa bada ere, alternatiba baten falta bai da erabaki politikoa, eta hori da kritikagarria, salagarria. Planifikazio falta egon da, eta aurreikuspena eza. Hau da, Insaustiren taldearen kudeaketa txar bat”, kritikatu du Burutaranek. Gaineratu duenez, “hori baieztatzea ez da zuhurtziagabekeria, koherentea baizik, are gehiago metro gutxira GOE eraikitzeko auzoan bertan ekipamendu partzela bat laga denean”.
Udal gobernuak eskainitako alternatiba ez dela nahikoa esan du Hernandok: “Nafarroa Beherea plazako lokalak, behin-behinekoa izateaz gain, ez du bermatzen proiektuak modu integral batean irautea, eta, hain zuzen ere, horrek izan behar du helburua”.


