Neguko aisialdi proposamenak Donostian
Gabonak iritsi dira eta hirian programazio zabala antolatu du beste urte batez Donostia Sustapenak: musika, kirola, ikuskizunak… Denetarik antolatu dute.
Frantzia pasealekuan jarri dute Gabonetako izotz pista. Donostia Sustapena Donostiako argiak dirdirka ari dira azken asteotan. Kaleetan barrena gabon kantak entzuten dira nonahi, eta gaztaina erreen usaina dario hiriari. Gazte, nerabe eta ez hain nerabeek ate joka dituzte opor egunak, eta hiriak nabari du. Jaiegunak gutxi ala asko, familia, lagun eta senideekin bestelako planak egiteko uneak izaten dira Gabonetan, eta Donostian, urtez urte, handituz doa aste hauetarako antolatzen diren egitasmoen eskaintza.
Jarduera eta espazio batzuk urtero errepikatzen dira, izaten duten arrakasta dela medio, baina, urtearen arabera, berrikuntzak ere izaten dira. Donostia Sustapena arduratzen da Gabonetako kanpainaren programazioa antolatzeaz, eta aurten ere azaroaren 28tik hasita urtarrilaren 6ra bitartean hamaika egitasmo prestatu dituzte hiri osoan zehar.
Esperientzia berriak: Miramarreko ikuskizuna eta izotz pista
Zalantzarik gabe, bada jarduera berri bat zeinak, ezinbestean, hiritar askoren atentzioa bereganatu duen: Miramar Magikoa. Lorategia goitik behera argitu eta intsektuen munduari buruzko ikuskizun berezia prestatu da bertan, eta egunero, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean, ordu erdi inguru irauten duten saioak antolatu dituzte. 700 metro inguru dituen ibilaldia da, erle, kakalardo, tximeleta eta bestelako animalia txikiz osatutako figurekin betetakoa eta publiko guztiarentzako aproposa. Urtarrilaren 5era arte egingo da ikuskizuna, baina aurrez sarrera hartzea ezinbestekoa da, izan online, Puntu Dendan edota Miramar Jauregian bertan (Mirakontxa pasealekuko leihatilan).
Esperientzia berriak gustuko dituenak izango du Miramarrekoaz harago zer egin: izotz pista berria jarri dute Frantzia pasealekuan. Orain arte, gehienbat talde handien erreserbetarako erabili bada ere, egun zabalik ditu ateak bertan patinatu nahi duen edonorentzat, jaiegun eta asteburuetan barne. Donostia Sustapenako kideek jakinarazi dutenez, izotz pistan «jardunaldi berezi bat» ere antolatzen ari dira, oraindik informazio gehiago eman ez duten arren.
Izotzetan irristan ibiltzea baino lurzorua nahiago duenak, izotz pista alboan bertan paseoa eman dezake. Izan ere, urteroko legez, Gabonetako azoka aurki daiteke Urumea pasealekuan eta Ramon Labaien plazan, orotariko koloredun etxolez beteta: bitxigintza, arropa, eskuz eginiko koadernoak, ilustrazioak… denetarik aurki daiteke. Berezitasun bat ere badu merkatuak: Ramon Labaien plazan azoka gastronomikoa antolatu dute, hau da, produktuak erosteaz gain, bestelako jakiak dastatzeko aukera eskaini dute oraingoan. Era berean, artisau azoka ere antolatu dutela nabarmendu dute, «Lur Kolektiboari esker».
Haur eta gazteak protagonista
Asteotan, haur eta gazteentzako espresuki antolatutako jardunaldiak aurki daitezke hirian. Esaterako, hirugarren urtez egingo dute DonoSTEAM egitasmoa, zeinak helburu duen zientzian eta teknologian oinarritutako jarduerak etxeko txikiengana gerturatzea. Abenduaren 26an hasi eta urtarrilaren 4ra bitartean egingo dira ekitaldiak Kursaalen, besteak beste, kontsolekin jolasak, diseinu eta animaziorako tresnen ikastaroak eta 3D inprimaketa tailerrak. Jardunaldietan parte hartzeko sarrera erosi behar da, horretarako prestatutako webgunearen bitartez.
Donostiako Orfeoiak ere parte hartuko du zikloan eta doako hiru kontzertu eskainiko ditu
Zientzia eta teknologiak alde batera utzita, artea eta musika oinarri duen Musika Gabonetan zikloa ere martxan da, zeinaren bitartez «talde eta musikari berriak aurkitu» eta gazte artistei «haien talentua erakusteko tokia» eman nahi izan zaien. Hala, musika eskolekin eta akademiekin kontaktuan jarrita lortu dute plazak musikariz betetzea, eta Zure lehen eszenatokia bihurtuko dira, bai Bulebarreko kioskoa, bai Ramon Labaien plaza. Horrez gain, Donostiako Orfeoiak ere parte hartuko du zikloan eta doako hiru kontzertu eskainiko ditu: abenduaren 20an Amaran, 26an Egian eta 27an Altzan. «Kontzertu politak dira eta azkar betetzen dira. Denborarekin joatea komeni da», gomendatu dute antolatzaileek.
Bestalde, kirol inklusiboa eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzea helburu, Gabonak Hondartzan haurrentzako ekimena antolatuko dute beste behin ere, abenduaren 23an, Fortuna kirol elkartearekin lankidetzan. Egunean bertan, Kontxako erlojuen azpian egingo dira inskripzioak, doan, eta parte hartzaileek aukera izango dute goizean zehar kirol jarduerak egiteko, era ludiko batean. Iaz, esaterako, oztopo lasterketetan eta arkularitzan aritu ziren, hitzalditxoen bitartez informazioa jasotzen zuten bitartean hondartzak zaintzeari eta zaborrak jasotzeari buruz.
Azkenik, Zurriola pasealekuan Gabonetako bola dagoela gogorarazi dute antolatzaileek. Bertan, arratsaldeko 18:30ean hiru abestiz osatutako ikuskizun txikia izaten da, argindarra eta musika uztartuta.
Informazio gehiago
Donostia Sustapeneko kideek hainbat gomendio eman nahi izan dizkiete donostiarrei: batetik, sare sozialak jarraitu eta egunero begiratzea, bertan egunez eguneko informazioa partekatzen delako; bestetik, Donostiagabonetakoazoka.eus webgunea arakatzea, informazio osoa hor jasota baitago.



