Olentzero eta Mari Domingi aurten ere hirira etorriko dira
Hiriko haur guztiekin egoteko gogoz etorriko dira asteazkenean Olentzero eta Mari Domingi.Donostia Kultura Festak Bost egun besterik ez dira falta Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarako, eta aurten ere, astelehenetik aurrera, hilak 22, hiriko auzoak bisitatuko dituzte auzo elkarte, ikastola eta kultur elkarteen eskutik. Egun bereziena, ordea, 24a bera izango da. Orduan, auzoz auzo ibiliko dira goizean, gutunak jasoko dituzte arratsaldearen lehen orduetan, eta ohiko desfilea egingo dute gaueko lanerako atseden hartzera joan aurretik.
Asteazkenean, 12:00etan iritsiko dira Plaza Berrira eta, haurrak agurtu ondoren, hiriko kaleetan barrena ibilaldia egingo dute. Azken urteen ezarri den ohiturari jarraituz, haien atzetik bizikletan joateko gonbita luzatu diete 6 urtetik gorako donostiar guztiei. Animatzen direnei eskatu diete, ahal dela, baserritar jantziarekin eta Eguberriak gogora dakartzan osagarriren batekin egiteko. Ibilbide osoan, Galtzagorri talde baten laguntza izango dute eta, era berean, arratsaldeko desfilean lagunduko dieten egurgile batzuk ere aldamenean izango dituzte.
Ibilbidea honakoa da: Plaza Berria, Portu kalea, Nagusia, Hernani, Askatasunaren etorbidea, Urbieta, Mendeurrenaren plaza, Antso Jakituna, Pio XII, Madrid etorbidea, Aita Donostia plaza, Zorroaga ibilbidea, Loiola zeharbidea, Antzieta pasealekua, Kristobaldegi, Arteleku plaza, Felisa Martin Bravo, Concha Chaos k., Antzieta pasealekua, Sierra de Aralar, Urbia, Loiola zeharbidea, Nemesio Etxaniz, Loiolako Erriberako pasealekua, Bizkaia pasealekua, Gernikako arbolaren pasealekua, Foruen pasealekua, Argentina Errepublikaren pasealekua, Erregina Erregeordea, Bulebarra, Hernani eta Alderdi Eder.
Ibilbidera amaitzean, parte hartzaileei salda edota txokolate beroa emango diete. Aurreikusi dutenez, Olentzero, Mari Domingi eta segizio guztia udaletxera 13:15 aldera iritsiko da. Bertaratutakoak terrazatik eta balkoitik agurtuko dituzte. Gero, 15:30etik 17:30era bitartean, umeen gutunak jasoko dituzte Udalbatza aretoan. Alderdi Ederreko udaletxeko sarbidean dagokion ilara ezarriko dute eta sartzeko lerroa 17:10ean itxiko dute. Ezintasun funtzionalen bat duten umeek Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dute, heldu batek lagunduta; eta zeinu interprete bat ere egongo da entzumen urritasunak dituzten pertsonei laguntzeko.
Gutuna ematera joandako haurrei gozokia edota ikatza emango diete Olentzerok eta Mari Domingik. Gutunik edo marrazkirik prestatu ez duten haurrek, udaletxean bertan izango dute horretarako aukera. Halaber, baserritar jantzita badoaz, Gero Axularreko kideen laguntza izango dute zapia, abarkak edo gerrikoa ezin hobeto jarrita eramateko. Gainera, Olentzerok eta Mari Domingik gozokiak edota ikatza emango dizkiete gutunak ematera hurbiltzen diren haurrei.
Ohi bezala, 18:00etan hasiko dute desfilea Ijentea kalean eta Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Loiola, San Martzial, Getaria, Txurruka, Gipuzkoa plaza, Elkano eta Boulebarretik barrena joango dira. Pertsonaia mitologikoz eta Gabonetako elementu ugari egongo dira, besteak beste, lamiak, Mari, Tartalo, Otsoko eta Sorgina izango dira Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileak. Guztira 500 bat lagunek parte hartuko dute eta 1.000 kilotik gora gozoki jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak.


