Parkea Bizirik elkartearen habia kutxetan jaiotako 69 txita atera dira kanpoaldera aurten
Parkea Bizirik-en habia kutxa batean jaiotako amilotx urdinak.Parkea Bizirik 35 urte dira 2025ean Parkea Bizirik elkarte naturazalea Donostian eta Gipuzkoako beste hiru udalerritan —Astigarraga, Errenteria eta Irun— habia kutxak jartzen hasi zenetik (1990), eta aurtengo datuak eman ditu elkarteak: “111 arrautza, 104 jaiotza eta 69 txita baso zabalera irten dira (bi urubi arrunt, hamaika amilotx urdin eta 56 kaskabeltz handi). Baita 183 ikuskapen egin ere”.
Elkarteak habia kutxen funtzionamendua ere azaldu du: “Ekainean eta uztailean, basoko hegaztiak hazteko sasoia amaitu ondoren, muxar grisaren txanda izaten da. Gerora, habia kutxak erditzeko tokiak edo ezkurrez, pagotxez eta gaztainez osatutako jaki gordailuak bilakatzen dira”.
Bestalde, habia kutxak jarri ez ezik, Parkea Bizirik-ek mantendu ere egiten dituela gogoratu behar da: “Muxar grisak hazi ondoren (ekaina-urria) habia kutxen mantentze lanak hasiko ditugu: kokalekuak aldatu, piezak konpondu eta bigarren garbiketa txanda egin; izan ere, animalia askok urte osoan zehar habia kutxak atseden hartzeko, lo egiteko eta eguraldi kaskarrari iskin egiteko erabiltzen dituzte”.



