Parte Zaharrean Bizik establezimendu baten lizentziaren irregulartasunak salatu ditu
Donostiako kaia.Xalba Ramirez Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udalari interpelazioa egin dio auzoko saltoki batean kategoria aldaketan egondako ustezko irregulartasunak azaltzeko eskatuz. Itxuraz, denda batek izozki-jarduera, edari alkoholdunak saltzeko eta sukaldea jartzeko berariazko debekua duelarik, edari alkoholdunak saltzeko baimena lortu zuen.
Honela, egindako interpelazioei ez omen die erantzunik eman udalak, oraindik, eta horregatik, auzo elkarteak egindako galderak zabaldu nahi izan ditu. Jakinarazi dutenez, 2024ko apirilaren amaieran, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak idazki bat erregistratu zuen Udalean 2. taldeko jarduera Udal Ordenantzaren aurkakotzat jotzeko eskatuz, baina ezetsi egin zen Jarduerak Zerbitzuko buruak sinatutako idazkian. “Zergatik ez du Udaltzaingoak ez-betetzeen aktarik egiten? Udalak zergatik ez die erantzuten Auzo Elkarteak erregistratutako salaketei? Zergatik ez du Udalak neurririk hartzen legezkotasuna berrezartzeko?”, galdetu dute.
Horren aurrean, Zaharrean Bizik errekurtsoa aurkeztu zuen administrazioarekiko auzien epaitegietan. Errekurtsoa bi arrazoibidetan oinarritu zen: Udal Ordenantzak ez du baimentzen jarduera goragoko talde batera aldatzea; eta Jarduerak Zerbitzuko buruak, aurkeztutako txosten teknikoaren egilearen amak hain zuzen –beti ere, auzo elkartearen esanetan–, ez zuela abstenitzeko betebeharra bete.
Azaldu dutenez, gertakariak zuen larritasunaren erakusle, “erreakzioak eragin zituen” udalean eta arduradunek adierazi zuten “erabat prest gaude gardentasun eta ardura osoz jarduteko”. Honako galderak luzatu dituzte udalean: “Egia al da Jarduerak Zerbitzuko buruari irekitako zehapen-espedientea iraungi egin dela 6 hilabeteko epea igaro ondoren, kargu-orria formulatu ere egin gabe? Erantzuna baiezkoa bada, zein dira horretarako arrazoiak? Beste berriren bat abian jarriko al da? Zerbitzuburuaren jarduerak aztertuko al dira?”
Bestetik, galdetu dute ea udalak zergatik ez duen eragozten establezimenduak alkohola saltzen jarraitzea? “Jarduera aldatzeko baimena baliogabetu arren, establezimenduak alkohola saltzen jarraitu du. Ekainean, Udalak establezimendua ixteko espedientea hasi zuen, Hirigintzak alkoholaren salmenta eteteko egindako eskakizunei jaramonik egin ez zielako. Hala ere, establezimenduak irekita eta alkohola saltzen jarraitzen du”.
Auzo Elkarteak 092 telefono-zenbakira egindako salaketa bati dagokienez, Udaltzaingoak erantzun zuen ez zuela akta gehiagorik egingo establezimenduan alkohola saltzen jarraitzen delako: “Interbentzioan jasota dagoenez, agenteek ez dute txostenik egiten”, hainbat txosten baitaude horren inguruan, eta orain Udalari dagokio horri buruzko erabakiren bat hartzea “.


