Vinos y Licores Ezeiza, azken tragoa
Prim kaleko Vinos y Licores Ezeiza denda historikoak egun gutxiren bueltan agur esango du, bere ateak itxiko baititu. Bernardo Anabitarte jabeak azken uneak nolakoak izaten ari diren azaldu du, baita 125 urteko ibilbidea errepasatu ere.
Bernardo Anabitarte dendako arduraduna, mostradorean.Gorka Correyero Llamas Donostia ezin liteke ulertu bertako dendak aipatu gabe. Historia handiko dendak daude gure hirian, eta horietako bat Vinos y Licores Ezeiza da. 125 urteko historia luzea du denda honek, eta gaur egun halako denda bat mantentzea oso zaila da. Bernardo Anabitarte gaur egungo jabeak azken uneak bizi ditu denda honen mostradorearen atzean. Nahiz eta itxiera data finkorik ez izan, ahalik eta lasterren izatea espero du Anabitartek.
13 urterekin hasi zen lanean Prim kaleko dendan, eta 88 urte ditu orain. Nekea sumatzen zaio, eta eroslearen zain dago. «Alokatzeak arazo ugari ekarriko dizkit, lau egun besterik ez zaizkit falta. Hil eta gero zer? Horregatik, nahiago dut saltzea», dio, barre artean. Erretiroa hartzeko garaia aspaldi pasatu du, urteak ditu erretiroa hartzeko. Gainera, goizez eta arratsaldez dihardu bezeroei arreta ematen.
Baserri giroan sortua, bizitza zaila izan du Anabitartek. Gurasoak gazte hil ziren, eta izeba-osaben baserrian hazi egin zen. Baserrian lan egin eta gero, dendara jaisten zen: «Gaur egun, inork ezingo zukeen horrela bizi». Dioenez, senideen artean, inor ez dago prest belaunaldi aldaketa egiteko eta dendaren jabe izateko. Hortaz, «erosleen esperoan» dabil egunotan Anabitarte.
Senideen artean, inor ez dago prest belaunaldi aldaketa egiteko eta dendaren jabe izateko
Esentzia mantentzea
Betiko esentzia gal ez dadin, lokala erostera datozenei jakinarazi nahi die gaur egun Donostian ardo denda bakarra dela Ezeiza. Hala ere, argi du lokala erosten duenak askatasun osoa duela goitik behera aldatzeko. «Gazte batzuek interes handia dute lokala erosteko, eta berdin jarraitu nahiko luketela aipatu didate». Anabitartek denda eta bertan duen ardoa saldu nahi ditu, biak elkarrekin, nahiz eta, dioenez, askok ardoa soilik erosi nahi duten.
Garai batean, ardoa saltzen zuten denda ugari zeuden hirian. Gainera, Erdialdean denak. Prim kalea erdigunean bertan egonik, Anabitarte ez da kexatzen dendak duen kokapenaz: «Autobus eta tren geltokiak, Artzain Ona, Correos… eta, gu, erdian». Duela urte batzuk, dioenez, jende ugari etortzen zen Frantziako Estatutik ardoak eta likoreak erostera. Auto ilara izugarriak sortzen omen ziren Prim kaleko inguruetan. Gaur egun hori gertatzea ezinezkoa litzatekeela dio, ordea, aparkatzeko tokirik ez dagoelako.
Bestalde, egoera asko aldatu da azkenengo urteetan, Anabitarteren arabera. Edonon supermerkatuak daude, eta betiko dendak ezin dira erraldoi horien aurka lehiatu. Jabea kexu da, supermerkatuengatik ez ezik, Interneteko erosketak direla eta, bezeroak ez direlako dendetara gerturatzen. Hala ere, nabarmendu du betiko bezeroak jarraitzen direla dendara hurbiltzen: «Oso leialak dira», dio, pozik.
Jende ugari etortzen zen Frantziako Estatutik ardoak eta likoreak erostera. Auto ilara izugarriak sortzen omen ziren Prim kalean
Balio handiko egurra
Bezeroen joan-etorria ugaria izan da 125 urteetan. Horren seinale da egurrak duen marruskadura. Denda pinu egurrez eginda dago, eta, Anabitarteren esanetan, egurra kentzea «bidegabekeria» izango litzateke: «Egur honek izugarrizko balioa du, eta honek kategoria ematen dio dendari». Horrez gain, lokal handi horrek beste ezaugarri garrantzitsu batzuk ere baditu, izan ere, barruko gelak bi pisu ditu, eta, azpian, balio handia duen ardoa gordetzeko upategi zabala dute, 197 metro koadrokoa.
Dendak bere horretan esentzia duenagatik ere, jakintza handia dago bertan metatuta. Ardogintzan jakintsua da Anabitarte, eta bezeroekin duen hartu-emanean agerikoa da. Bezeroaren eskakizuna ahalik eta zehatzena izatea du helburu, eta, horretarako, mota guztietako xehetasunak helarazten dizkio ardo onena eraman dezan. Ardo onena zein den galdetuta, erantzuna argia da: Vega Sicilia. Bere ustez, Espainiako Estatuko ardo onena izateaz gain, munduko onenen artean ere badago.
Aipatutako ardoaz gain, xanpain eta likore ugari ditu. Gaur egun, edaria botiletan saltzen da, baina garai batean edaria ontziratu gabe saltzen zuen, soltean. Oraindik, barrika haiek bertan mantentzen ditu: «Lau horma hauen artean izugarrizko altxorrak ditut». Edari litro hauek guztiak pixkanaka saltzen ari den arren, oraindik ere edaria erosten jarraitzen du Anabitartek: ardoak, xanpaina, likoreak… denetarik. Izan ere, Eguberriak datoz eta egun garrantzitsuak izan ohi dira dendarentzat.
Opariak erosteko leku bikaina
Egunotan, herritarrek ospakizun ugari dituzte, eta, hori dela eta, Vinos y Licores Ezeizak jende ugari bilduko du datozen egunotan. Aurrera egiten jarraitzeko ezinbesteko egunak direla dio. «Enpresa askoren opariak, senideentzako opariak, bazkari zein afaritan zerbitzatzeko edariak eta abar saltzen ditugu».
Jendearen mugimendua nabaria da, hain zuzen ere. Elkarrizketa egin bitartean, bezero bat hurbildu eta dendaren egoeraz galdetu dio Anabitarteri. Bezeroa ezaguna da, eta jabea azkar gogoratu da duela gutxi bezeroak egindako galderaz. «Aurrekoan gomendatu zenidan ardoaren bila nator, baina izena ez dut gogoratzen», esan dio bezeroak dendariari. Eta, zuzenean, Anabitartek eskatutako ardoa ekarri dio. Denda honetan hainbeste urte egon ondoren, zehatz-mehatz esan ditzake ardo bakoitzaren xehetasunak. «Ardoa erostera etortzen naizen aldiro, zerbait berria ikasten dut», dio bezeroak, pozik.
Bezeroen poztasunak asko laguntzen du Anabitarte, baina negozioaren salerosketa ahalik eta lasterren ixtea espero du: «Bizitza osoa eman dut hemen sartuta, eta nik uste dut badela garaia atsedena hartzeko».
Dendak bere horretan esentzia duenagatik ere, jakintza handia dago bertan metatuta
Azken dantza
Ardoaren azken tragoa izaten omen da onena. Hala izatea espero du jabeak. Abenduaren 13an, festa bat antolatu zuten Prim kaleko dendan. Artista ugari bertaratu ziren, eta horma irudi handi bat margotu zuten.
Azken dantza antolatzea ez da bere egitasmoa izan. Bezeroek animatu zuten zerbait berezia antolatzera: «Artista batzuk etorri ziren festa antolatzeko data zehaztera, eta nik argi eta garbi esan nien Eguberriak hasi baino lehen izan behar zuela». Eguberrietan lan handia izango duenez, ezinezkoa zuen garaiotan festa antolatzea. Hainbat artistak parte hartzeaz gain, gazta dastaketa ere eduki zuten. Ardoekin batera, hain zuzen ere, Otatza baserriko gaztak protagonismo handia izan du dendan. Gazta honek hainbat sari lortu ditu, azkena pasa den irailean: «Euskadiko gaztarik onena saltzea ohorea izan da».
Hiriko komertzio txikien egoeraz galdetuta, argi du egoera larrian daudela. Donostiako postaletan azaltzen diren irudiez gain, denda historiko hauek ere hiriaren historia dira, baina etorkizuna ilun ikusten du Anabitartek: «Denda txikien heriotza oso gertu dago».




