San Tomas eguneko palmaresa askotarikoa izan da
San Tomas eguneko jantzi txapelketako irabazleak.Donostia Festak Donostiako San Tomas egunak askorako eman ohi du. Izan ere, urtero askotariko sariketak eta txapelketak jokatzen dira. Horien berri eman du Donostia Festak-ek.
Euskal Herriko XXIX. Txistorra lehiaketa Oiartzungo Mikel Perezek (Etxekoak) irabazi du. Irungo Andres Jesus Espinalek (Embutidos Fernandez) bigarren saria, eta Intxaurrondon harategia duen Jose Ignazio Bengoetxeak hirugarrena. Aldiz, Txistorra gastronomian III. sariketan, Irungo Beti Lagunak elkartea izan da onena, Donostiako Ilunpe eta Toki Alai elkarteen aurretik.
Barazki txapelketa Bergarako Carmen Etxeberriak irabazi du, eta fruituena Hernaniko Maddi Iradik. Bestalde, Donostialdeko Ezti lehiaketaren lehen saria Ereñozuko Markox Pagolak eskuratu du.
Donostiako Baserritar Jantzien VII. lehiaketari dagokionez, hauek dira sarituak: Irati Algans eta Xabier Sanz haurrak (5-12 urte bitartekoak), Amane Aranbarri eta Xabier Sanz helduak (13 urte baino gehiagokoak), eta Maider Gorostegi, Ainhoa Arrillaga, Kattalin Beobide, Martina de Campos eta Luka Gorostegi sendia edo taldea.
Txorimalo lehiaketako lehen saria, berriz, Jai Toki kultur elkarteak eskuratu du.
Aizkora eta pilota
Kiroletako bi lehiaketa ere jokatu dira gaurkoan. Batetik, emakumezko aizkolarien VIII. Urrezko Kopa, Trinitate plazan. Oihana Fernandez arabarra izan da onena. Bestetik, VII. emakumezkoen Esku Pilota txapelketa ere lehiatu da, leku berean. Sorondo eta Iparragirre bikoteak menderatu du Esnalek eta Reyk osaturikoa (22-18).



