Udalak «miseria ezkutatu eta kriminalizazioari bidea irekitzen» diola salatu dute
Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, manifestazioa egin dute San Tomas egun euritsuan.
'Etxebizitza denontzat' lelopean, euripean abiatu da manifestazioa Bulebarretik.Inaxio Esnaola Etxerik gabeko bi pertsona hil dira Donostian, azken hilabetean. Hori salatzeko, Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak manifestazioa egin dute eguerdian, Etxebizitza denontzat lelopean.
Eguraldi txarrarengatik, Bulebarretik atera eta Parte Zaharrera sartu dira Bretxatik. Euripean bada ere, ehunka lagunek bat egin dute mobilizazioarekin. Donostiako Udalari egotzi diote “miseria ezkutatzea eta kriminalizazioari bidea irekitzea”. Izan ere, bi etxegabeen heriotzak “hilketak” direla berretsi dute. “Mundu guztiari etxebizitza bat bermatzeko baliabide nahikoak dituen sistema batean, heriotza bakoitza saihestu zitekeen heriotza bat da, eta, beraz, erantzuleak dituen heriotza: etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresariengandik hasi eta negozio horiei alfonbra gorria jartzen dieten instituzio publikoetaraino”.
Donostiako errealitatea “gordina” dela deitoratu dute. Horrela ere, “langile klase antolatuak pobreziaren aurka udalak baino gehiago borrokatzen” duela gaineratu dute: “Janaria, mantak eta arropa bilketak, afari solidarioak eta abar dira horren adibide”.


