700 ahots batu dira Kursaalean, Gipuzkoan 10 pertsonatik 3ri eragiten dien bakardadeari aurre egiteko
700 lagun elkartu dira larunbatean Kursaalean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRIk, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren laguntzarekin bultzatutako ‘HARIAK Kantuz’ Gabonetako Abesbatzen Kontzertuaren laugarren edizioan. Ekitaldi artistiko musikal horren helburua gizartea “nahi ez den bakardadearen” inguruan sentsibilizatzea da. Izan ere, arazo horrek zuzenean eragiten die 55 urtetik gorako hamar pertsonatik hiruri, Gipuzkoan.
Kursaaleko 600 plazak bete dituzte ikus entzuleek eszenatokira igo diren hainbat belaunalditako 120 koristen ahotsari gehitu diote beren ahotsa. Bertaratutakoek Andoaingo Udal Musika Eskolako Haur Abesbatzaren, Cum Jubiloren eta Alaiaren emanaldiez gozatu ahal izan dute, oraingoan ‘0 urteko bakardadea’ lelopean egin den ekitaldian. Ados Teatroaren 52HZ mikrodokumentala ere proiektatu da, 2024-2025 aldirako ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdian laguntza ekonomikoa eta teknikoa jaso zuen proiektua.
Bestalde, HARIAK Kantuz ekitaldiak hirugarren sektore sozialeko elkarteen topaketa bat hartu du berriro. Bertan hartu dute parte Adinkidek, Gurutze Gorriak, DYAk, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak (GIT), Hurkoak, Nagusilanek, Secotek, Helduak Adik, Afagik, Helduen Hitzak eta Aubixa Fundazioak. Ekitaldian parte hartu dutenek erakunde horiek bultzatzen dituzten jarduerak eta eskaintzen dituzten boluntariotza aukerak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
“Erronka handi bati egin behar diogu aurre, guztion konpromisoa behar duen erronkari, baina aukeraz betetako testuingurua ere badugu. ‘HARIAK Kantuz’ bezalako ekimenek nahi ez ditugun bakardadeen aurrean gure estrategian aurrera egiteko aukera ematen digute, pertsonen ongizate integrala ziurtatzeko konpromisoarekin. Gipuzkoako abesbatzetan sortzen diren lotura sozial esanguratsuak eta laguntza egiturak sustatuz, gure lurraldeko gizarte kohesioa indartzen laguntzen dugu”, adierazi du ekitaldian Maite Peña Zainketako eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Nazioartean “aintzatetsitako beharreko” estrategia
Bestalde, Rakel San Sebastian ADINBERRI Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, Bakardadeak azterlanaren arabera Gipuzkoako 55 urtetik gorako pertsonen % 29,5a bakarrik sentitzen da, baina % 5ak baino ez du onartzen. “HARIAK egoera horien inguruan gizartean dagoen estigma ezabatzeko beharretik eta nahitik ere sortzen da”, adierazi du.
San Sebastianek gogorarazi du, halaber, fenomeno hori pairatzen duten pertsonen erdiek baino gehiagok (% 50,3) uste dutela beren osasun egoera erregularra, txarra edo oso txarra dela, eta egoera horretan ez daudenen artean, berriz, % 30ek. Gainera, bakardadea pairatzen duten pertsonek depresioaren (% 39,3, % 6,9aren aurrean) eta antsietate kronikoaren (% 37,8, % 7aren aurrean) prebalentzia handia dute.
Datu horien aurrean, HARIAKen I. Jarduketa Planaren barruko ‘HARIAK Kantuz’ bezalako ekimenek pertsonek laguntza eta zaintza sareak garatzea lortzen dute, eta, horri esker, fenomeno horretan ondoan jarduteko eta hura prebenitzeko tresnak zabaldu eta integratu daitezke. Hain zuzen ere, proiektu horrek mugak gainditu ditu, eta ‘jardunbide egoki’ gisa jo da KORALEren esparruan. Europa mailako ekimen horretan, Foru Aldundiak eta ADINBERRIk Austriako, Belgikako, Danimarkako, Irlandako eta Portugalgo bost eskualderekin egiten dute lan, nahi ez den bakardadea kontinenteko politika publikoen erdian egon dadin.


