Eguraldia lagun izan ez bada ere, San Tomas egunaren balantze «oso positiboa» egin du udalak
San Tomas egun euritsua izan da aurtengoa.Joseba Parron San Sebastian “Egunaren balantzea oso positiboa da, herritarren eta parte-hartzaileen konpromisoa nabarmenduz, beste behin ere erakutsi baita San Tomas Donostiako ezinbesteko hitzordua dela, eguraldiak laguntzen ez duenean ere”. Hori da Donostiako Udalak egindako atzoko egun handiaren balantzea. Izan ere, San Tomas eguna eguraldi oso txarrak markatutako testuinguruan garatu da, egunaren zati handi batean euri etengabearekin eta ipar haize bortitzarekin. Hala ere, jaia aurreikusitako moduan aurrera atera da eta jardunean mantendu da hasieratik amaierara arte.
Lehiaketen atalean, Barazki eta Fruituen Lehiaketako barazkien kategorian, lehen saria Carmen Etxeberria Irustak (Bergara) eskuratu du, bigarrena Ezozi Etxeberria Irustak (Soraluze) eta hirugarrena Arantza Zubia Gastañagak (Mallabia, Bizkaia). Fruituen kategorian, lehen saria Maddi Iradi Peñagarikanok (Hernani) jaso du eta bigarrena Aitor Elosegi Arrizabalagak (Gabiria); hirugarren saria hutsik geratu da. Jose Salaberria Memoriala ere Maddi Iradi Peñagarikanori eman zaio.
Euskal Herriko XXIX. Txistor Lehiaketan, lehen saria Mikel Perez Belaunzaranek jaso du, Embutidos Etxekoak (Oiartzun), bigarrena Andres Jesus Espinal Morenok, Embutidos Fernandez (Irun), eta hirugarrena Jose Ignacio Bengoetxea Armendarizek, Bengoetxea Harategia (Donostia).
Donostialdeko Ezti Lehiaketan, Markox Pagolak (Hernani) lortu du lehen saria, ondoren Patxi Franco (Andoain) eta Jagoba Larrauri (Andoain). Txorimalo Lehiaketan, lehen eta hirugarren sariak Jai Toki Kultur Elkarteak (Furius) jaso ditu, eta bigarren saria Nerea Maestro Perezentzat izan da. “Txistorra gastronomian” III. Gastronomia Lehiaketan, Beti Lagunak Elkartea (Irun) izan da garailea, ondoren Ilunpe Elkartea eta Toki Alai, biak Donostiakoak.
Herri kirolak
Kirol arloan, emakumezkoen esku pilota txapelketa Antiguako frontoira lekualdatu behar izan da eguraldi txarra zela eta, jarduera baldintza egokietan egin ahal izateko. Bestalde, emakumezko aizkolarien VIII. Urrezko Kopa, Trinitate plazan jokatu da, eta kirolariek diziplina honenganako duten grina eta konpromisoa agerian utzi dute, proba euri zaparrada etengabearen azpian eginez.
Haurrentzako jarduerei dagokienez, Zuloaga plazako haurrentzako jolasak eguerdira arte bakarrik egin ahal izan dira ipar haize gogorra eta euriaren ondorioz. Hala ere, “Margotu Poxpolin Txerria eta sartu bere etxetxoan” tailerra normaltasunez eta gorabehera aipagarririk gabe garatu da.


