Manteoko BCCren egoitzaren inaugurazioan egindako protesta 400 euroko isunarekin zigortu du Etzaintzak
Protestara atera dira bizilagunak, GOeren inaugurazioanNagore Garmendia Basque Culinary Centerren (BCC) Manteoko GOE eraikinaren inaugurazioaren aurrean 400 lagun inguru bildu zituen protesta elkarretaratzea egin zuten, joan den urriaren 20an, Donostiako 23 herri eragilek eta auzo elkartek antolatuta. Bada, mobilizazioaren komunikazioa izenpetu zuen Satorralaiako kideari 400 euroko isuna ezartzen dion ebazpena helarazi dio Ertzaintzak joan den astean, Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea baliatuz
Ertzaintzaren ebazpena “asmo gaiztokoa” da Satorralaiarentzat eta “herritarren adierazpen eta manifestaziorako askatasuna murriztu nahi duen zigor baten aurrean” gaudela salatu dute. Adierazi dutenez, Ertzaintzak urriaren 20ko mobilizazioa bere hastapenetik trabatu nahi izan zuen. Kontzentrazioa Okendo Kultur Etxearen eta BCCren GOE eraikin berriaren artean dagoen eremuan egingo zela komunikatuta zuten hamar bat egun lehenagotik, eta Nafarroa Etorbidearen Zurriolaranzko bi erraietan trafikoa erregulatzeko eskaera ere egin zuten, “jende mordoxka bat bilduko zirela aurreikusita”.
Kontzentrazioa hasi baino 20 bat minutu lehenago, ordea, Ertzaintza kultur etxearen ondoan bilduta zegoen antolatzaile taldearengana joan eta kontzentrazioa hor ezingo zutela egin eta anbulatorio aldeko espaloira lekualdatu beharko zutela agindu zieten, “modu nahiko zakarrean”. Hori ikusita, kontzentrazioa komunikatu zuen kidea bere kabuz identifikatu zen Ertzainen aurrean, “konponbide batera heldu ote zitekeen jakiteko. “Tentsioa ez areagotzeko” asmoz, hara joan ziren, eta hasiera batean espaloian egon ziren arren, “protestara jende gehiago bildu ahala, herritarrek beren kabuz erabaki zuten gero anbulatorioko espaloi estua utzi eta Nafarroako Etorbidearen erdian dagoen bidegorrian eta medianan jartzea”.
Edonola ere, Satorralaiaren esanetan, “guztiz gezurra da” ebazpenak esaten duena, alegia mobilizazioa komunikatu zuen kidea “200 bat pertsona Nafarroa etorbidean eta Secundino Esnaola kalean ibilgailuen zirkulazioa mozten ari zirela” eta “kontzentratutako pertsonei jarraibideak ematen zizkien bitartean” identifikatu zutenik; eta are gutxiago “ekitaldiaren berri eman zuenak ez zuela ezer egin gertakari horiek saihesteko, eta gainera, gainerako kontzentratuei zer egin behar zuten adierazten ziela”.
BCCren elikadura eredua eztabaidagai
Bestalde, urrian egindako mobilizazioari jarraipena emanez, datorren urtarrilaren 26an, Okendo Kultur etxean, Ahoztar Zelaieta (ikerketa kazetaria) eta Josema Azpeitia (gastronomia kazetaria) hizlari arituko diren hitzaldi-eztabaida egingo dela iragarri dute, hain zuzen ere Basque Culinary Centerrek sustatzen duen elikadura eta negozio eredua eztabaidan jartzeko.


