Udalak amaitu ditu Miramongo bi euste-urmael berriak, Amarako uholde arriskua murrizteko estrategian
Pakea eta Altzaerreka erreketan eraiki dira, horien bidez, uraldien bolumena murrizteko eta Urumeara iristen den uraren kalitatea hobetzeko.
Donostiako Udalak bi euste-urmael eraiki ditu Pakea eta Altzaerreka erreketan, Miramongo basoan, hiriko drainatze-sistema naturalaren funtsezko puntuak direlako horiek. Esku hartzearen helburua da Amararen uholde arriskua murriztea eta Urumea ibaira isurtzen den uraren kalitatea hobetzea.
Girder Ingenieros enpresak idatzi zuen proiektua, Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak hala eskatuta, eta ‘Ibai-ekosistemak lehengoratzeko eta hiri-inguruneetan uholde-arriskua murrizteko jarduketak’ estrategiaren parte da. Estrategia hori 2022an hautatu zen, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen barruan, NextGeneration EU Europako funtsekin finantzatuta.
Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu moduan, “jarduketa horrekin bi helburu lortu nahi izan dira: alde batetik, uraldiak geruzetan banatzea, euri jasen pareko aldi bihurtuz, kolektoreen edukiera gaindi ez dadin eta Amaran uholderik sor ez dadin; eta, bestetik, Urumeara iristen den ur-bolumena murriztea eta ur horren kalitatea hobetzea, era horretan, ibaiaren ingurumena babesten laguntzeko”.
Pakea errekan euste-urmael bat sortu da eta 480 metro kubikoko gehieneko edukiera du. Oinezkoen pasabide batetik ibaian behera dago kokatuta, erreka GI-20 errepidearen azpian lurperatu baino lehen. “Paisaiari dagokionez, harri lubeta begetatuaren bidez dago integratuta egitura, eta ohiko emari ekologikoa igarotzea ahalbidetzen du. Euri-jasa handiak daudenean baino ez da kargatuko urmaela, puntako ur-emariei eusteko. Horrela, uraldiak kontrolatu ahal izango dira, oinezkoen pasabidea urez bete ez dadin”, udalak azaldu duenez.
Altzaerreka errekaren kasuan, edukiera handiagoko urmael bat sortu da: 901 metro kubikoko euste bolumena du. Miramongo errepideko azpiko lurperatzetik ibaian gora dago kokatuta, eta uraldiei eusteko diseinatuta dago, bidegorria eta inguruko eremuak babesteko. Pakean bezala, natura-ingurunean integratzen da egitura, inpaktu txikiko eta landaredi biziko eraikuntza-soluzioen bidez.
Bi jarduketek ur mailaren sentsoreak dituzte, horien bidez erreken portaera hidraulikoa etengabe kontrolatzeko. Jarduketak hiri basoaren ingurunea zorrotz errespetatuz egin dira, eta makineria astuna erabiltzeko orduan mugak ezarri dira, dagoen landarediari kalterik ez egiteko.
Obraren aurrekontua 821.800,57 eurokoa izan da, BEZa barne, eta aurreikusitakoa baino egikaritze epe laburragoa izan du, 5 hilabetetik 3 hilabetera pasatuz.


