Jaurlaritzak hala eskatu arren, Donostiako Udalak ez dizkio, oraingoz behintzat, Auditz Akularreko lursailak lagako
Auditz Akular eremua.Altza XXI “Donostiak Auditz Akular nolakoa izango den diseinatu behar du. Udalak ez du lursailik lagako aldez aurreko antolamendurik gabe “. Hala adierazi du gaur Donostiako alkate Jon Insaustik, Altzako eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko lurzoruak Eusko Jaurlaritzari lagatzea zergatik atzeratu daitekeen galdetuta.
Etxebizitza izanik “hiriaren arazo nagusia”, lurzorua laga aurretik “donostiarrek hartu behar dituzte erabakiak” Auditz Akularri buruz, “eraiki beharreko etxebizitzen tipologiari buruz, naturgunean eta auzoan integratzeari buruz, behar dituen ekipamenduei buruz, zer jarduera ekonomiko kokatu behar dituen eta zer hiri-espazio behar dituen”.
“Zerbaitek kezkatzen banau, planifikazioak kezkatzen nau, ez presaka jarduteak. Kalitatezko auzoa nahi dugulako” gaineratu du Insaustik, eta azpimarratu du horrela egin ezean udalak ez lituzkeela bere betebeharrak beteko. “Antolamendurik gabeko lurzorua lagatzea ez da lankidetza, hiria gobernatzeari uko egitea baizik, eta ez naiz hortik pasatuko”, berretsi du Insaustik.


