Mobilizatzera deitu du Donostiako mugimendu feministak Barakaldoko erailketa matxista salatzeko
Zarauzko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea, Bulebarrean.Irutxuloko Hitza Igande goizean, 54 urteko emakume baten gorpua agertu zen Barakaldoko bere etxean. Hasiera batean, hipotesi guztiak zabalik zeuden arren, iluntzean, gizon bat atxilotu zuten, ustez erailketa egin zuelakoan. El Correo-k zabaldu duenez, erailketagatik atxilotu duten gizonak 27 urte zituen eta emakumearen lankidea zen, supermerkatu batean. Itxuraz, enpresa afaria izan zuten lankideek eta emakumearen etxera joan ziren, eta bertan izan zen erailketa.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzeak antolatu ditu euskal hiriburu guztietan, eta, Donostian, gaur izango da, asteartea 23, 18:30ean Bulebarrean. EAEko erakundeek, Jaurlaritzak berak eta Barakaldoko Udalak, hilketa matxista gaitzetsi dute eta hura salatzeko elkarretaratzea deitu dute. 12:00etarako deitu dute, Barakaldoko Herriko Plazan.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gobernu bileraren osteko agerraldian baieztatu du albistea. “Indarkeria matxistaren beste biktima bat daukagu”, deitoratu du. 2003tik, 132 emakume erail dituzte Euskal Herrian.


