Omenaldi polita egin dio Martutenek 35 urteren ondoren ateak itxiko dituen Txoko Berri tabernari
Gaur esango du agur Martutene auzoko taberna ezagun eta maitatu batek: Txoko Berri tabernak, hain zuzen. Nela eta Joakin Espainiatik etorri ziren auzora bizitzera 1980ko hamarkadan, eta 35 urtez kudeatu dute taberna. Gaur hartuko dute erretreta.
Pasa den larunbatean omenaldia egin zioten auzokideek, Martujaiak taldeak antolatuta: Txalaparta, txapela, loreak, kantuak… Denetarik izan zen bikoteari egin zioten espero gabeko omenaldian. “Urrutitik etorri arren, auzokoak zarete, Martutenez Harro”.
Nelak eta Joakinek hitza hartu zuten, eta bizilagun eta bezeroen maitasunari eskerrak emateaz gain, gauza bat utzi zuten argi: “Auzotik ikusiko gara”.


