Barakaldoko erailketa matxista salatu dute Donostian
Abenduaren 21ean, indarkeria matxistaren aurpegi krudelenak kolpatu zuen Euskal Herria. Barakaldoko (Bizkaia) Urban auzoan, emakume baten gorpua aurkitu zuten bere etxean, indarkeria zeinuekin. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du dagoeneko, gertakariarekin lotura duelakoan. Emakumeen Mundu Martxatik, babes eta elkartasun osoa adierazi diete eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei. “Zuen mina gurea da”.
Salatu dutenez, hau ez da kasu isolatu bat, ezta ezbehar bat ere: “Emakumeon aurkako indarkeria sistema cishetero-kapitalista, arrazista koloniala eta patriarkalaren tresnarik krudelen eta zuzenena da”.
Nahikoa dela oihukatu dute ozen. “Ezin dugu onartu urtea beste erailketa batekin amaitzea. Ezin dugu onartu indarkeria matxista gure egunerokoaren parte gisa normalizatzea. Hilketak izozmendi baten punta besterik ez dira; baina azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna”.
Erakunde publikoei eskatu diete berdintasun politikek ezin dutela “marketin hutsa” izan: “Premiazkoa da baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia jartzea indarkeriaren erroari aurre egiteko. Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, betebehar bat baizik”.
Gizarteari, aldiz, indarkeria matxistaren aurreko pasibotasuna eta konplizitatea dela gogorarazi diete. “Erantzukizun kolektiboa dugu inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko. Batez ere, gizonei; hartu zuen ardura orain! Ez dugu onartuko emakume bat gehiago bere etxean edo kalean beldurrez bizitzea”.
Azkenik, mugimendu feministari adierazi diote elkartasuna eta autodefentsa feminista direla haien tresnarik indartsuenak. “Elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu, mundu hau eraldatu arte. Gure bizitzak ere garrantzitsuak dira! Ez dugu onartuko bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka honetan emakumeok beti galtzaile izatea. Borrokan jarraituko dugu denok aske izan arte, gure gorputzen jabe izan arte eta indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraiki arte”.


