Altzako eta Egiako kiroldegien ordutegia zabalduko du udalak 2026tik aurrera
Altzako kiroldegia. Donostia Kirolak 2026an indartu egingo du instalazioak irekitzeko ordutegia, erabilera eskaerari erantzuteko; izan ere, eskaera hori etengabe hazten ari da eta 2025ean, “lau milioi sarreratik gertu” ibili dela adierazi dute. Altzako kiroldegiak 07:00etara aurreratuko du irekitzeko ordua astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan 08:30etik aurrera egongo da irekita. Bestalde, Egiako kiroldegia udan ordu erdi gehiago egongo da irekita, 08:00etan hasita, auzoko bizilagunek egindako eskaerei erantzuteko.
Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek azpimarratu duenez, “herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte udaleko kirol instalazioak, eta gure erantzukizuna da ordutegiak egokitzea, zerbitzu irisgarri, moderno eta kalitatezko bat bermatzeko. Altza eta Egia kirol jarduera handiko auzoak dira, eta ordutegia haien premiei erantzuteko zabaldu da”.
Gabarainek hau gaineratu du: “Urtean zehar beste instalazio batzuen ordutegia zabaltzeko aukera aztertzen jarraituko dugu, helburua argia delako: Donostia Kirolak eskaintzen duen zerbitzua hurbila eta erabilgarria izatea eta hiriko kirol-ohiturekin bat etortzea”.
Zabaltze horiekin, udaleko kirolguneak hiriko ordutegirik zabalena duten zerbitzu publiko bihurtuko dira, egunean 14 eta 15,5 ordu artean egongo baitira irekita, batez beste. Igerilekua duten zazpi kiroldegiak urte guztian egongo dira irekita, egun hauetan izan ezik: urtarrilaren 1a, urtarrilaren 20a eta abenduaren 25a, eta nahitaez itxi beharreko urteko gainerako egunak. Horrek esan nahi du, esate baterako, Paco Yoldiko instalazioek 5.000 erabilera-ordu baino gehiago eskainiko dituztela urtean.
2026rako aurreikusitako hobekuntzak eta zerbitzuak
Donostia Kirolak, 2026an ere, udaleko kirol zerbitzuak hobetzeko eta handitzeko planarekin jarraituko du; bereziki, gimnasioak modernizatzeko eta handitzeko jarduerekin. Urte horretan bertan, Anoetako miniestadio berriko obrak amaitzea ere aurreikusten da. Instalazio moderno horrek kirol espazio eta zerbitzu berriak eskainiko dizkie herritar guztiei.
Hobekuntza horiei azken urteetan egindako inbertsioak gehitu behar zaizkie, hala nola Altzako kiroldegi berria, Zuhaiztiko eraberritze-lanak eta Yoldiko, Loiolako Erriberetako, Bentaberriko, Intxaurrondoko eta Etxadiko gimnasio berriak. Horiei esker, Kirol Txartelak 17 kirol instalaziotarako sarbidea eskaini zuen 2026an.
Abonatuek nahieran erabili ahal izango dituzte zazpi kiroldegietako igerilekuak; 5.200 m² gimnasio ekipatu izango dituzte eskueran; oinarrizko entrenamendu pertsonalizatuaz gozatu ahal izango dute; doako kirol jardueretan parte hartu ahal izango dute (harpidedunaren ordua, Kirolaren Europako Astea, Gabonetan Non Stop); eta % 50eko deskontua izango dute Kirol Ekintzak kanpainako ikastaroetan; horrez gain, Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua erabili ahal izango dute.
Era berean, hondartzetako kabinak erabiltzen jarraitu ahal izango dute neguan, eta zozketa esklusiboetan parte hartu ahal izango dute webguneko Harpidedunaren gunean.
2026an ere, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Txartela Mugimentera atxikita egongo da Donostia. Txartel horri esker, abonatuek doan erabili ahal izango dituzte EAEko 90 udalerri baino gehiagotako kirol-instalazioak eta -zerbitzuak, eta, horrela, lurralde osoan kirola egiteko aukera handituko da.
2026ko Kirol Txartela abenduaren 15etik aurrera eska daiteke.
Joan den astelehenean, abenduak 15, Donostia Kirolak 2026ko Kirol Txartela eskatzeko epea ireki zuen. Izena ematen duten pertsonek egun horretatik bertatik erabil ditzakete instalazioak, urtarrilaren 1era arte itxaron beharrik gabe.
Kirol Txartela, beraz, Gabonetarako opari-aukera ezin hobea da, eta kirol-instalazio, -zerbitzu eta -jardueren sare zabal baterako sarbidea eskaintzen du.


