[Inozentekeria] Jacob Elordi eta Miren Arrieta aktoreek Felix Likinano eta Kaxilda Hernaez anarkistei buruzko filma grabatuko dute Donostian
'Karmele' filmaren arrakastaren ostean, Txintxua Films eta Asier Altunak 36ko gerraren beste pasarte esanguratsu bat eraman nahi dute pantaila handira.
Albiste hau 2025eko inozenteen egunean argitaratu dugu, gure irakurleei ziria sartzeko asmoz. Albisteagatik poza hartu duzuenoi, barkamenak.
Ezaguna da Jacob Elordi nazioarteko izarrak Euskal Herriarekin duen lotura. Bere aitona Ondarrukoa zela eta gerraren ostean, faxismoaren erruz, ihes egin behar izan zuela kontatu du behin baino gehiagotan, bera ere, nolabait euskalduna dela sentituz. Horrela, aspaldi zuen gogoa Euskal Herrian lan egiteko, eta Txintxua Filmsek bota dio amua. ‘Karmele’ filmaren arrakastaren ostean, 36ko gerraren erresistentzia apur bat partziala zela pentsatuta, beste pertsonaia historiko batzuen filma egiteko proposamena egin zuen: Felix Likiniano eta Kasilda Hernaez miliziano donostiarrak, alegia.
Elordi izango da Likiniano eta Miren Arrieta donostiarra (Parte Zaharra, 1998) izango da Hernaez eta lehenengo aldia da bi aktoreek elkarrekin lan egingo dutena. Azaldu dutenez, hizkuntza izango da erronka nagusia, Elordik ez baititu ez euskara, ez eta gaztelania menderatzen. Horregatik, zerotik hasi behar zuenez gero, filma euskara hutsean egingo dutela adierazi du ekoiztetxeak.
Liki eta Kasi
Arrasatekoa sortzez, Likiniano CNTko kide garrantzitsuenetako bat izan zen, eta, besteak beste altxamendu faxistan, berari burutu zitzaion Loiolako Kuartelean zeuden militarrei armak lapurtzeko ideia. Esan eta egin. Militarrak gutxiengoa zirela sinistuta, errenditu eta arma guztiak lapurtzea lortu zuten, erresistentziarako. Faxistak Donostiara sartu ostean, ordea, ihes egin eta ordutik Ipar Euskal Herrian bizi izan zen, beti ere, erresistentziara loturik. Hain zuzen ere, berea da ETA erakunde armatua zenaren aizkoraren eta sugearen anagrama.
Kasilda Hernaez Zizurkilen jaioa 1914ean, baina Egian bizi izan zen ia betidanik. Familia anarkista eta bohemio batetik zetorren. Jaio, Fraisoroko etxean jaio zen, hau da, ezkongabeko amak eta umezurtzak jasotzen zituen Zizurkilgo etxean. Mugimendu anarkistan aritzearekin batera, emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde jardun zuen. Besteak beste, arreta piztu zuen Donostiako hondartzan biluzik bainatzeagatik.Iraultzailea, 1934an lehergailuak eta propaganda anarkista zeramanean harrapatu zuen Poliziak. Ondorioz, 29 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen, eta handik Alcala de Henaresa eraman zuten. 1936ko otsaileko hauteskundeen ondoren askatu zuten. Garaian, hain ezaguna egin zen, Egan esaera hau zabaldu zela herritarren artean: “Tienes mas cojones que la Casilda” [Kasildak baino potro handiagoak dituzu]. Amaran, liburu-denda bat dago bere izenaren omenez: Kaxilda liburu-denda, hain zuzen.
Filmaren grabaketa
IRUTXULOKO HITZAk jakin duenez, filma datorren urtean hasiko dira errodatzen Egian, Grosen eta Parte Zaharrean, batez ere. Garaiko giro errealista indartzeko, hainbat auzotako kaleak itxi eta dekoratuak eraikiko dituzte hainbat astez. Estra lanak egiteko jendearen bilaketa ere ez da nolanahikoa izango. Txintxua filmsek bidalitako oharrean jakinarazi dutenez, ideologia horretako jendearekin egin nahi dute lana, pelikula are errealistagoa egiteko. Aurreratu dutenez, beraz, ez dute arazo handirik izango eskuin muturreko estrak bilatzeko, “gero eta gehiago” daudelakoan. Aldiz, laguntza eskatu dute estra anarkistak lortzeko: “Behin, Donostian, gehiengo anarkista bat izan bazen ere, gaur egun, tamalez, ez dago horren arrasto handirik”.



