Aiko Taldeak mintegi ziklo bat antolatu du bere 20. urteurrena ospatzeko
Aiko Taldeak, Donostia Kulturarekin lankidetzan, Sakontzen (20 urte) mintegi zikloa antolatu du bere 20. urteurrena dela eta, urtarriletik maiatzera bitartean Viktoria Eugenia Antzokiko Dantza Aretoan emango dena.
Mintegi zikloa bost saio monografikotan antolatuko da, eta euskara hutsean eskainiko da. Euskal musika eta dantza tradizionalaren arlo garrantzitsuetan ezagutza sakontzea eta, tradizioa eta gaur egungo interpretazioa lotuz ikuspegiak eguneratzea du helburu, besteak beste.
Tailerrak, Aiko Taldeko kideek eta bertan parte hartuko duten adituek gidatuta, musika eta dantza irakasleei, dantza taldeei eta musika tradizionaleko profesionalei zuzenduta daude, baita dantzaren sistemetan sakondu nahi duten dantzari eta ikertzaileei ere. Saioek izaera praktikoa izango dute nagusiki, baina, aldi berean, edukiak hobeto kokatzeko eta ulertzeko funtsezkoak diren kontzeptu-esparruak landuko dira.
Mintegiek 25 €-ko kostua dute bakoitzeko, baina 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat doakoak dira, eta izen www.aiko.eus webgunean egin behar da. Hauek dira emango diren mintegiak:
- Urtarrilak 24: Pandero integrala.Pandero integrala
- Martxoak 1: Jotaren estandarizazioa, sorkuntza eta askatasunaren arteko tentsioa.
- Martxoak 28: Dantzarako danbolina txistularien tradiziotik abiatuta
- Apirilak 18: Muxikoak, jauziak, sauts: eguneratzea eta didaktika
- Maiatzak 24: 1-2-3 oinarrian. Erritmoaren garrantzia dantzarako


