Hamalaugarrenez oroituko dute Txillardegi; aurten, Jone Forcadari ere omenaldia eginez
Jakes Lafitte, 'Txillardegi pastorala'ren egilea.Sara Ibarguren Urtero egin moduan, 2026ko urtarrilaren 11an, igandean, omenaldi ekimen “xumea” antolatu dute Antiguan, Txillardegi Plaza deritzonan (Gaskuña plaza), “zor zaion aitortza publikoa aldarrikatuz eta izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi zentralari bere izena jar diezaioten eskatuz”.
Bestetik, aurtengo ekitaldian, Txillardegi omentzeaz gain, Jone Forcada ere gogoan izango dute. Aurten zendu da Forcada, bizitza osoan Txillardegiren bide laguna izan dena. Ekitaldian, berriz, Pako Sudupe izango dugu aurten Txillardegiren figuraren inguruan aritzeko.
Horrekin batera, urtero egin ohi moduan, hitzaldi bat ere antolatu dute. Aurtengoa, 2026ko urtarrilaren 8an, ostegunean, arratsaldeko 18:00etan izango da, Parte Zaharreko Guardetxea gaztetxean, Onintza Odriozola irakasleak “ETAren ekarpena euskal berpizkundean” gaia landuko du, Franco hil zeneko 50. urteurrenean. Historialaria da Odriozola, eta, hain zuzen, ETAren sorrera urteak ikertu zituen doktore tesian. Hedabide honek elkarrizketa egin zion, tesia argitaratu berritan.
Liburutegia aldarri
Ekitaldi hauen bidez, oraindik izenik ez duen Udal Liburutegiari Txillardegi izena jar diezaioten eskatu dute, aurten, 14. aldiz.: “Izan ere, Koldo Mitxelenak, Carlos Santamariak ala Elvira Zipitriak beren izeneko kultur zentroak badituzte Donostian, zergatik ezin dio Txillardegik bere izena eman Donostiako udal liburutegiari? Eneko Goia jaunak Alkatetza utzi eta Jon Insausti gazteak hartu izanak Udal Gobernuarengan jarrera aldaketarik ekarriko duen ala ez ikusteko dago”.


