2026a «fase aldaketaren» urte gisa irudikatu du Insaustik: 2.300 etxebizitza berri, topoa martxan eta beste
2026a hastearekin batera, Jon Insausti Donostiako alkateak gosari informatiboa egin du ostiral goizean kazetariekin, hiriak aurten dituen erronkei eta bestelako gaiei buruz hitz egiteko. Etxebizitza, segurtasuna, topoaren igarobidea, San Bartolome eta "hiriko begirada berriak" izan ditu hizpide, besteak beste.
Jon Insausti Donostiako alkateak gosari informatiboa egin du kazetariekin udaletxean.Beñat Parra Bi hilabete daramatza Donostiako alkate karguan Jon Insausti Maisterrenak, eta kargua hartu zuenetik erabiltzen ari den leloa aldarrikatu du ostiral goizean kazetariekin egin duen gosari informatiboan: “Donostia donostiarrontzat, hori izango da gure gidalerroa aurten”. Hasi berri den urteari begira jarri da alkatea, eta nabarmendu du “fase aldaketa batean” dagoela hiria: “Obra handien garai batean atzean uzten ari gara, inbertsio handiak egin dira urteotan proiektu horietan, eta inbertsio horiek egunerokoa hobetzera bideratzea da erronka”.
Era berean, azaldu du Donostiak Europako hiri ertain onenen artean “lidergoa” duela, eta lidergo hori “berretsi” nahi duela 2026an. Horretarako, bere apustua da Donostia izatea hiri bat non “oparotasuna partekatzen den, etxebizitza lehentasuna den, etorkizuna konfiantzaz eraikitzen den eta eguneroko bizitza babesten den”. “Sendotasunez egingo diogu aurre 2026ari, nahiko nuke ilusioz betetako urtea izatea”, gaineratu du.
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak urteotan egindako lana goraipatzeko ere baliatu du zita Insaustik, urteotan gauzatutako hainbat proiektu eta hiriko hainbat datu jasotzen dituen liburuxka banatu baitu, “balantze” gisara. Liburuxka hori donostiarren etxeetara bidaliko dute datozen egunotan.
Etxebizitza lehentasun
“Hiriak hamaika sendotasun ditu, baina baita arazoak ere, eta nagusia etxebizitza da”, esan du Insaustik. Horri eutsi nahi diotela nabarmendu du, gai horretan “azeleragailua sakatuz”. Esan duenez, 2027rako, 2.300 etxebizitza berri eraikita egotea aurreikusten dute eta horretarako ehun milioi euro dituzte “mobilizatuta”. Etxebizitza horiek Lorategi Hirikoak (292), Añorga Txikikoak (248), Infernukoak (540), Kanpandegikoak (15, zuzkidurakoak), Illarrakoak (262), Igarakoak (250), Txomiñenea II-koak (359), Apostolutzakoak (42), Loiolako Erriberakoak (8, zuzkidurakoak) eta Morlanskoak (160, zuzkidurakoak) dira.
Horrez gain, alkateak gogorarazi du beste 6.000 etxebizitza gehiago daudela aurreikusita epe ertain edo luzera, eta tartean daude Herrerako Zardoya eremukoak (Jolastokieta III, 380), Altzako Auditz Akular eremukoak (3.112), Loiolako kuarteletakoak (1.750) eta Easoko trenbide eremukoak (530), besteak beste. Beheko irudian dituzue Donostiako etxebizitza parkeari buruzko zenbait datu.
Horrez gain, esan du “jarraitu” egingo dutela etxebizitzen segregazioa, lokal komertzialen erabilera aldaketak eta etxebizitzetako jarduera ekonomikoak —etxe turistikoak hor sartzen dira— murrizteko “apustua” egiten. Etxebizitzaren harira, baina baita etorkizuneko hiriaren harira ere, alkateak nabarmendu du “bultzada” eman nahi diotela ere hiri antolamenduko plan orokor (HAPO) berriaren idazketari: “Horrek ahalbidetuko digu hamar urte barruko Donostia diseinatzen”.
Beste hiri askotan gertatzen den moduan, biztanleria gero eta zaharragoa du Donostiak, eta horrek esan nahi du “hiria eraldatu egin behar dela errealitate horretara”, Insaustiren ustez. Horrela, ekainean, munduko hiri lagunkoien hirugarren kongresua egingo dute Kursaalean, eta hor fokua jarri du Insaustik: “Gakoak emango dizkigu kongresu horrek”.
Era berean, San Bartolomeko “korapiloa” aurten askatzea aurreikusten du Insaustik, eta “konpromiso” argi bat adierazi du: “Ez da egongo ez merkataritza gunerik eta ez errotazio aparkalekurik. Kontraesankorra izango litzake hori gauzatzea eraikitzen ari garen hirian”. Gaineratu duenez, “korapilo” hori askatzen denean, “bizilagunekin hitz egitea” egokituko zaio udalari, proiektu “partekatu” bat garatzeko.
Segurtasuna: komisariak eta berrerortzea
Insaustik argi dauka “Donostia hiri segurua” dela, baina, hala ere, kalean dagoen “ezinegonari” heltzeko beharra aldarrikatu du. Horretarako, baliabide polizialak eta penalak izan ditu hizpide une oro: Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa sendotzea, Egian eraiki nahi duten komisaria mistoa, Ekialdeko Barrutian eraiki nahi dutena eta Udaltzaingoak Justizia Administrazioari Laguntzeko Erregistroen Sistemara (SIRAJ) sarbidea edukitzea aipatu ditu, nagusiki. Horrez gain, jakinarazi du Ertzaintzak proiektu bat duela mahai gainean, Antiguako komisaria Infernuko auzune berrira lekualdatzeko.
SIRAJ erregistrora sarbidea edukitzea “delitugile berrerorleen arazoari” heltzeko oso baliagarria izango dela esan du Insaustik. Hain zuzen ere, “irtenbide zehatzak” behar direla esan du alkateak, eta “berrerortzeari aurre egiteko edozer gauza ongietorria” dela nabarmendu du: “Kode penalaren aldaketak, sistema berriak eta abar”. Esan duenez, “elkarbizitza” da helburu nagusia zentzu horretan.
“Mugikortasun berria”
Topoaren igarobideaz ere luze eta zabal hitz egin du Insaustik agerraldian, izan ere, “2026ko uda amaieran” funtzionamenduan egongo dela nabarmendu du: “Donostiaren azpian beste Donostia bat dago eraikita”, eta horrek “mugikortasun berria” emango dio hiriari, esan duenez.
Era berean, garraioa lur azpitik joateak gainazalean “oinezkoentzako espazio atseginagoak” sortzea ahalbidetzen duela nabarmendu du alkateak. Ildo horretatik, Artzain Onaren katedralaren aurrean sortuko den espazioa, “orain arte hiriko arteria bat” izan dena, eta AHTaren geltokiarekin Tabakaleraren aurrean sortuko dena ekarri ditu hizpidera: “Nire nahia da Tabakalerako parkea sortzea bertan, eta, horretarako, berdea behar du izan”.
Eskaerak eta konpromisoak
Alkateak eskaera bat egin die donostiarrei: “Gurekiko konfiantza eta elkarlana eskatzen dizkiet donostiarrei, Donostia denon artean aterako dugulako aurrera”. Horrela, ildo horretatik, hirian ibilbide luzea duten “begiradak” eta berak ordezkatu nahi duen belaunaldi berriarenak uztartuko dituen egitasmo bat jarri nahi du martxan: “Hiri honek harrobia nahikoa du aurrera egiteko”. “2026a konpromisoen urtea izatea nahi dut”, gehitu du.





