Errege Magoek ez dute hutsik egingo eta hiriko zenbait txokotan izango dira astelehenean
Errege Magoak Tabakalera kanpoaldean. (Argazkia: Sara Ibarguren) Ekialdeko Errege Magoek aurten ere geldialdia egingo dute Donostian. Hala baieztatu du Jaietako jardueretako zinegotzi Ana Lopez Loiartek eguneko xehetasunen berri emateko egindako prentsaurrekoan. Astelehenean, hilak 5, helduko dira hirira Meltxor, Gaspar eta Baltasar; eta gau lanpetua izango badute ere, egunean zehar hainbat jarduera aurrera eramango dituzte donostiarrak agurtzeko eta haien gutunak jasotzeko.
Lehen agurra, Antzoki Zaharretik egingo dute, 10:30ean, izan ere, ohiko desfilea hasten dute lekutik oso gertu dagoen hiriko kulturaren erreferentea den antzokia barrutik ezagutu nahi dute. Handik, Kale Nagusira irtengo dira eta kapotarik gabeko auto bat hartuko dute, bost auzo bisitatzeko: Erdialdea eta Amara Berri zeharkatuta, Loiolako Erriberara joango dira, Maria Zanbrano plazan dauden haur guztiak agurtzera (11:20ak aldera). Ondoren, Txomiñeneko Arteleku plazan egingo dute bigarren geldiunea (11:55ean), Intxaurrondoko Sagastieder plazara jo aurretik (12:30an). Handik, Altzako Harria parkera joango dira (13:05ean), eta Herrera zeharkatuta, Donostiako saihesbidea hartuko dute Antiguako Simona Lajust plazara bidean. (13:40). Antiguako haurrak agurtuta, Kontxa pasealekua, Zubieta kalea, Askatasuna hiribidea eta Argentinar Errepublika kalean barrena, Alderdi Ederrera iritsiko dira, zain izango dituzten haur guztiak udaletxeko terrazatik agurtzeko (14:15ean).
Atseden pixka bat hartu ondoren, Errege Magoak udalbatzar aretoan eseriko dira haurrei harrera egiteko. Harrera 15:30en hasiko dute, eta urtero moduan, Alderdi Ederreko terrazako sarbidean dagokion ilara ezarriko dute. Gutuna emateko ilara 17:10ean itxiko dute. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira, heldu batek lagunduta, eta zeinu mintzaira dakien pertsona batek parte hartuko du ere. Ondoren, ohiko desfileari ekingo diote, 18:00etan. Ibilbidea honakoa da: Bulebarra, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi, Bulebarra.
Bost karrozak parte hartuko dute: Jaiotzaren karroza, Maria, Jose eta Jesus haurrarekin Belengo atarian; Meltxor erregearen karroza —zaldi fantasiaren gaia aukeratu du—; Gaspar erregearen karroza —Egiptoko zibilizazioan inspiratuta—; Baltasar erregearen karroza—Afrikako faunan oinarrituta—, eta, azkenik, beste urtebetez desfilean parte hartu nahi izan duten buruhandien karroza —pinturaren eta margolarien munduan inspiratutakoa—. Halaber, Errege bakoitzarekin batera pajeek eta desfileari kolorea eta musikoa jarriko dioten hainbat animazio talde joango dira. Eta nola ez, gau magiko horretan pisu altuenetara iristea lagunduko dieten suhiltzaile talde batek itxiko du desfilea.
Desfilean zehar Errege Magoek 2.000 kilo gozoki botako dituzte, guztiak zeliakoentzat egokiak. Era berean, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako bi leku jarriko ditu Donostia Kultura Festak-ek, bat, Alderdi Ederren, eta bestea, Urbieta kalearen amaieran —Prim kalera bira egin aurretik—. Ibilbidea amaituta, hirukoteak Alai Etxe, San Jose de la Montaña eta Villa Sacramento zahar etxeak bisitatuko ditu.


