Lucas Egibar Milan-Cortina d'Ampezzoko Jokoetan izango da
Lucas Egibar snowboarder donostiarra.BAT Basque Team Otsailaren 6tik 22ra bitartean izango dira Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoak, eta han izango da Lucas Egibar snowboarder donostiarra. 2025. urtearen hondarrean ziurtatu zuen parte hartzea, eta harentzat laugarren Jokoak izango dira. Aurretik, 2014an zazpigarren postua lortu zuen Sotxin (Errusia), 2018an 33. postua Pyeongchangen (Hego Korea) eta 2022an zazpigarren postua Beijingen (Txina).
Oraingoan, Egibarren helburua podiumera iristea da, eta anbizio handiarekin hartuko ditu Italiako Jokoak. Are gehiago, urrea poltsikoratzea espero du, eta, horretarako, “aukera dezente” dituela adierazi du.
Basque Team Zentroan, Donostiako Equilibrium zentroan eta elurretan hainbat hilabetez lanean aritu ondoren, Egibarrek uste du bere “prestakuntza puntu onenean” egongo dela Jokoak iristean. Azken urteetan lesioek bere bidea markatu duten arren, bizkarrekoak lehenengo eta Akilesen orpazurdaren hausturak gero, Egibarrek ilusioz eta baikortasunez ekingo dio txapelketari, arazo fisiko guztiak gaindituta.
Nahiz eta denboraldiko lehen Munduko Kopan, Cerviniakoan, ezin izan zuen final-laurdenetatik pasa, otsailaren 12ra, Jokoetako sailkapen txanda eta lasterketa jokatuko diren egunera, denboraldiko unerik gozoenean iritsiko dela dio, izaten ari den garapenarekin bat etorriz.


