'Desobedienteak 18/98' antzezlana hilabete bukaeran helduko da Donostiara, Tanttakaren eskutik
'Desobedienteak 18/98' antzezlana.Tanttaka Tanttaka antzerki konpainia donostiarrak 18/98 sumarioa izan du hizpide aste honetan Bilbon estreinatuko duen antzezlanean: Desobedienteak 18/98. Ostegunetik larunbatera Arriaga antzokian taularatu ostean, hilabete bukaeran iritsiko da obra Donostiako Antzoki Zaharrera: hilaren 29an eta 30ean euskaraz eskainiko dute eta 31n eta otsailaren 1ean gaztelaniaz. Sarrerak hemen daude salgai.
Maria Goirizelaia da obraren egilea eta Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo zuzendariak. Antzezleak, bestalde, Miren Arrieta, Aiora Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai dira, eta Enparantzak berak egin du euskarazko itzulpena. Hainbat donostiar daude tartean, hala nola, Bernues, Arrieta eta Enparantza.
Obraren inguruan, honakoa azaldu du Goirizelaiak, Tanttakak argitaratutako oharrean: “Beti liluratu izan nau desobedientziak, mutirikeriak. Agian, neskatoa nintzenetik amaren ahotik irteten zen “desobediente” hitzaren durundia nabaritzen dudalako nire baitan; agian, bidegabekeriari beti bide baketsuetatik aurre egin nahi izan diodalako, nahiz eta horrek bere ondorioak izan”.
Hain zuzen ere, desobedientzia du ardatz antzezlanak; honakoa dio sinopsiak: “Ainhoa, berriki Politika Zientzietan doktoregoa lortu duen gaztea, bere doktore tesia defendatzen ari da auzitegi akademiko baten aurrean. Tesian, desobedientzia zibila proposatzen da, indarrean den eta gure demokrazietan beharrezkoa den borrokarako jardun gisa. Orobat, esanahiz beteriko adibideekin, desobedientzia zibilaren ibilbidea marrazten da, gizateriaren historian eta giza eskubideen konkistan utzi duen lorratz erabakigarria erakutsiz. Aldi berean, Garzon epaileak irekitako eginbide batzuetatik abiatuz, 18/98 sumarioa izan zenaren prozesu judizial eztabaidagarri itzelean murgilarazten gaitu, bete-betean, antzezlanak. Sumario horretan, gizarte mugimenduekin lotutako fundazio batetik giza eskubideak defendatzen zituzten hainbat pertsona auzipetzen ikusi genituen. Epaiketatik unibertsitatera eta unibertsitatetik mundura, piezak desobedientzia zibilaren zimenduetara garamatza, bere funtzionamenduaren nondik norakoak zeharkatuz eta egungo gizartean premiazkoa eta beharrezkoa dela azalduz”.


