Etxe aldaketa bat, etxetik abiatuta: Nøgenek betetako Kursaal batekin ospatu du 10. urteurrena
Hamar urte bete ditu Nøgen taldeak.Kursaal Eszena Larunbatean, hilak 3, bere 10. urteurrena ospatu zuen Nøgen musika talde donostiarrak. Kursaalean izan zen festa handia, musikaren munduko zenbait lagunez inguratuta; horien artean Nacho Mur (La M.O.D.A), Jokin Pinatxo (Janus Lester) eta Antton Telleria, Jokin Guilisagasti bateria jotzailea ordezkatu izan duena.
Kontzertu horrekin hasi zen, gainera, Kursaal Eszenako 2026ko programazioa, eta goraino betetako areto bat izan zen hasteko modurik egokiena. Sarrera guztiak agortuta, lehen aldiz igo zen boskotea oholtzara aurten; Donostia ez da 2026ko geltoki bakarra izango, ordea.
Etxe bat, etxean
Åben Cirkel beren azken diskoaren irudia izan da etxe bat. Beraiek sortutakoa, Nøgen den hori. Orain, ordea, maletak egin eta aurrera egitea da beraien asmoa. Geltoki berriak etxe bihurtzeke daude oraindik, baina oholtza gainean bilatuko dituzte, noski; izan ere, kontzertu gehiago iragarri dituzte 2026rako: Madril, Bilbo, Aranda de Duero eta Itero de la Vegako jaialdiak, Iruñea eta Azpeitia izango dira geltoki horietako batzuk.


