Guardetxearen epaiketaren aurretik, agerraldia egingo du AZGAk
(Argazkia: Guardetxea) Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) jakinarazi du urtarrilaren 27an izango dutela Guardetxearen okupazioaren ondorioz deitutako epaiketa. Sare sozialen bidez argitaratu duten komunikatuaren arabera, auzoko gazteek sei urtez hutsik egon den eraikina berreskuratu zuten eta Alde Zaharreko Gaztetxea martxan jarri zuten, Donostiako eragileen eta Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladetako kideen laguntzarekin.
Ordutik, autogestioa oinarri duen proiektuaren eraikuntzan aritu direla azaldu dute, “askotariko eskaintza kulturalarekin, doako kirol jarduerekin, lanketa feministarekin eta bestelako lan ildoekin”.
Hala ere, Donostiako Udalak jarritako salaketaren ondorioz, Guardetxea “hustutze arriskuan” egon daitekeela adierazi dute. Egoera horren aurrean, elkartasuna antolatzeko eta Guardetxearen defentsan mobilizatzeko deia egin dute: agerraldi batera deitu dute hilaren 22an, osteguna, 18:30ean, Trinitate plazan.


