Enparantza eta Zulueta abokatuen aurkako zigorrak berretsi ditu Auzitegi Gorenak
13/13 auzian zigortutako Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuen zigorrak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Naia Zuriarrainena eta Iker Sarriegirena arindu. Enparantza eta Sarriegi donostiarrak dira.
13/13 sumarioko auzipetuak, 2021ean, epaiketa hasi aurretik. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2022ko martxoan ezarri zizkien espetxe zigorrak 13/13 auziarekin lotutako lau abokaturi, euskal presoen defentsan jardundakoak. Zigor horietako bi berretsi ditu orain Auzitegi Gorenak, ETAk jarduera armatua amaitu eta ia hamabost urtera: Arantza Zuluetarena eta Jon Enparantzarena. Zuluetak zazpi urte eta erdiko zigorra jaso zuen, “erakunde terroristako kide” izatea eta lehergaiak edukitzea egotzita. Enparantzak, aldiz, lau urteko zigorra zuen, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta.
Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ere zigortu zituzten 2022an, baina euren zigorrak arindu egin ditu orain Auzitegi Gorenak, helegiteen zati bat aintzat hartuta. Horrela, Zuriarrainena hiru urte eta erditik bi urtera murriztu dute eta Sarriegirena hiru urte eta egun batetik urte eta erdira. Euren erantzukizuna “hain larria” ez zela iritzita arindu dizkiete zigorrak, izan ere, epaiaren arabera, “kudeaketa eta mendeko erantzukizuna zuten, edo komunikaziokoa, ikertutako egituran, indarkeriazko jarduerekiko lotura faktikorik egiaztatu gabe”.
Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo abokatuak ere epaitu zituzten 13/13 auzian, baina absolbituak izan ziren. Zazpi horietatik, hiru donostiarrak dira: zigorrak jaso dituzten Enparantza eta Sarriegi eta absolbitu zuten Redondo. Epaiketa hasi zenean, 2021eko uztailean, Juan Mari Jauregi donostiarra ere bazegoen auzipetuen artean, baina urte hartako irailean zendu zen.
“ETAn integratuta”
Enparantzaren eta Zuluetaren zigorrak berretsita, Auzitegi Gorenak ontzat jo du Auzitegi Nazionalaren epaiaren ideia nagusia. Horren arabera, abokatuak “ETAn erabat integratuta” zeuden eta erakunde armatuaren “fronte juridikoa” osatzen zuten. Zulueta eta Enparantza 11/13 auziaren testuinguruan espetxeratu zituzten aurretik, eta, 2020tik, aske daude.
Epaiak, aldiz, alde batera utzi du CNI Espainiako zerbitzu sekretuen parte hartze irregularrari buruzko alegazioa, nahiz eta erakunde horrek uko egin zion bere agenteek epaiketan parte hartzeari. Gogoratu behar da, halaber, Zuriarrainek eta Agirrek jasandako torturen inguruko testigantzak eskaini zituztela epaiketan.


