Gizatasunaren, naturaren eta etorkizunaren inguruan hausnartuko dute
'Zinema eta zientzia' zikloaren aurkezpena, Tabakaleran.Euskadiko Filmategia Bederatzigarren Zinema eta zientzia zikloa aurkeztu dute gaur goizean, Tabakaleran. Urtarriletik martxora bitartean Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen egingo diren emanaldietan hogei bat zientzialarik eztabaidatuko dute publikoarekin.
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak antolatuta, zikloa bere ohiko egoitzetara itzuliko da Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera), Bilboko Arte Ederren Museoan (gaur egun EHUko Bizkaia Aretoa-Sala Mitxelena), Iruñean (Golem Baiona zineman) eta Donibane Lohitzunen (Cinéma Le Sélect).
Aurtengo programak “munduarekin dugun harremanean eragina izan duten gai zientifiko eta humanistiko garrantzitsu batzuk aztertzera” gonbidatu ditu ikus-entzuleak. Horrela, gizatasunaren, naturaren eta etorkizunaren inguruan hausnartuko dute. Programazioa osorik ikus daiteke helbide honetan.
Zikloak hainbat diziplinarekin, hala nola, biologiarekin, fisikarekin, ekologiarekin, antropologiarekin, matematikarekin edo etika garaikidearekin, hitz egiten duten filmak proposatzen ditu.Lehen emanaldia gaur izango da Gasteizen, Planet of the Apes filmaren proiekzioarekin. Tabakaleran, berriz, ostiralean, hilaren 9an, eskainiko dute, 19:00etan.
Bestalde, aurten ere, jarduera paraleloak egongo dira. Esaterako, Gines Morata biologo eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Sariak emango duen hitzaldi bat, eta Pilar Palomero zinemagilearekin eta Ander Urrutikoetxea onkologoarekin egingo den mahai inguru bat.


