La Sirena aterpetxeko baliabideak «oso urriak» direla salatu du Harrera Sareak
Aterpetxea "soilik lau egunez" ireki izana salatu du Harrera Sareak, baita guneko baldintzak ere. Jon Insausti alkateak adierazi du udalak "ahal duena" egiten duela: "Gure eskuetan dagoena eta gehiago egiten jarraituko dugu".
Antiguako La Sirena aterpetxea.Inaxio Esnaola Hiritarron Harrera Sareak “kezka” adierazi du Ondarretako La Sirena aterpetxearen egoeraren inguruan: “Hotzaren aurka babesa emateko pentsatutako baliabide honek lau gauetan soilik ireki ditu ateak, gaurkoa azken gaua izanik, hirian muturreko tenperatura baxuak eta elurra egiten ari den unean”.
Ageriko arrazoiak direla eta, kale egoeran bizi diren pertsonen egoera are gehiago okertzen da urtero neguan, eta Harrera Sareak zein Donostiako beste gizarte eragile batzuek urteak daramatzate eskatzen La Sirena negu osoan zehar irekita mantendu dezatela, udalak izozte arriskua dagoenean baino ez baitu irekitzen. “Donostian kale egoeran 500 pertsona baino gehiago daudela kontuan hartuta”, La Sirena izatea “baliabide bakarra” ez zaie “onargarria” iruditzen.
Gogorarazi dute, halaber, kale egoeran zeuden bi pertsona hil zirela 2025 urte amaieran Donostian: “Gertakari hauek aski larriak direla iruditzen zaigu eta prebentziozko eta eraginkorrak diren irtenbideak eta neurriak garaiz hartzea beharrezkoa dela uste dugu, tragedia gehiago gertatu ez daitezen”.
Jon Insausti alkateak, asteazken honetako Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan kazetariek gaiari buruz galdetuta, nabarmendu du udalak araudiak dioena betetzen duela: “Baliabide gehiago jartzen ditu udalak, legeak ezartzen duen gutxienekoa nahikoa ez delako. Horregatik, udalak baditu 234 plaza urte osorako. Uste dut nahikoa dela. Hortik harago, beharrezkoa delako, udalak ehun plaza gehiago jartzen ditu”. Hala ere, aitortu du egunotan La Sirena irekita egon izana ez dela nahikoa izan kalean dagoen beharrari aurre egiteko: “Lau egun hauetan bete egin da. Nahikoa izan da? Ez, bete egin da. Egoera oso zaila da, eta ahal duguna egiten saiatzen gara. Gainerako udalerriek, aldundiak eta Jaurlaritzak lagundu behar gaituzte. Gure eskuetan dagoena eta gehiago egiten jarraituko dugu”.
Baldintza “oso urriak”
Plaza kopurua eta irekita egon den egun kopurua ez ezik, La Sirenaren baldintzak ere gogor kritikatu dituzte Harrera Sarekoek, “oso urriak” direla argudiatuz: “Lehen gauean, ez zen berogailurik martxan jarri (funtzionatzen ez zutelako) eta bertan lo egin zuten pertsonei manta mehe bat besterik ez zitzaien eman”.
Aterpetxearen ordutegiarekin ere “desadostasuna” adierazi dute: “22:00etatik 08:30era. Horren berandu irekitzeak eta goizean oso goiz ixteak baldintza meteorologiko zailak kontuan hartuta, pertsonak muturreko hotza jasanez kale gorrian egotera behartzen ditu”. Horrek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekiko “zaintza eta ardura falta nabarmena” adierazten ditu, eragilearen ustez.
“Ezin dira ‘arreta duina’ edo ‘hotzaren aurrean babesa’ gisako kontzeptuak erabili, baliabideak aldi baterakoak, mugatuak, oso urriak eta bizi baldintzak bermatzen ez dituen espazio bati buruz hitz egiterakoan. Kale egoeran dauden pertsonen bizitzak eta osasunak lehentasun izan behar du eta ezin dira atzean geratu”, gaineratu dute, La Sirena “negu osoan eta baita urtean zehar ere” irekita egon behar dela aldarrikatzearekin batera.


