Xabier Iraola igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinazio orokorrerako
Xabier Iraola igeldoarra, artxiboko irudi batean.Mondraberri Xabier Iraola 32 urteko igeldoarra izango da Sortu alderdiaren koordinatzaile nagusia, afiliatuek hala onesten badute. Hain zuzen ere, ezker abertzaleko alderdiko afiliatuek hilaren 21etik 23ra, IV. Kongresuaren testuinguruan, bozkatuko dute zuzendaritza berria, eta Nazio Kontseiluak Iraola proposatu du Arkaitz Rodriguez altzatarraren lekukoa hartzeko. Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidea da egun, eta duela urtebetetik, jakina da Sorturen koordinazioa utziko duela.
Formazioari dagokionez, Iraolak Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak egin zituen eta Subiranotasuna Europako herrietan graduondokoa egindakoa da. Bestalde, gazte-gaztetatik militatzen du ezker abertzalean; besteak beste, Ernai gazte antolakunde independentistaren sorreran eta zuzendaritzan parte hartu zuen. 2021etik, Sorturen Herrigintza idazkaria da eta Pello Otxandianorekin batera lan egiten aritu da urteotan.
Sortuk 2025eko ekainaren 28an Abadiñon (Bizkaia) egindako Nazio Konferentzian erabaki zuen bere IV. Kongresua aurreratzea, “askapen prozesuaren egungo fase politikorako egonkortasuna” bilatzeko helburuarekin. Horrela, Herri gogoa txostenaren lan ildoa onartuta, hurrengo urteetarako bide orria zehaztu du Sortuk, eta herri mugimenduan indarra egitea da erabaki nagusia. Alderdiak ostegunean jakinaraziko du zuzendaritza talde berri osoaren proposamena, Iraola igeldoarra buru izango duena.


