Ahots urratu haren oihartzuna
Hamar urte dira gaur Juan Carlos Samaniego 'Tximist' prestatzaile fisiko izandakoa hil zela. Maitasun handiz gogoratzen dute harekin lan egindako kirolariek.
Juan Carlos Samaniego 'Tximist', 2007an.Naroa Balsategi/Irutxuloko Hitza Badira pertsonen barnean sartzen eta bertan arakatzen dakitenak, eta hargatik, edonora doazela ere, arrastoa uzten dutenak. Juan Carlos Samaniego Tximist prestatzaile fisiko izandakoak hamaika bazterretan zabaldu zituen bere balioak. Diziplina ugaritako kirolariekin egin zuen lan, hala futbolariekin nola surflari eta pilotariekin. Urte asko eman zituen Realean lanean, emakumezkoen taldean bereziki. Zubietako zelaian makina bat aldiz urratu zuen ahotsa, eta orro hark oihartzun egiten du oraindik, laztan modura. Izan ere, gaur hamar urte dira hil zela, eta maitasun handiz oroitzen dute harekin aritutako kirolari askok eta askok.
«Honako hau da nire metodoa: pertsona bilatzen dut aurrena, eta pertsona irabazten dudanean, nire metodoa saltzen diot». Hala zioen Tximistek ETBk grabatutako bideo batean. «Astelehenetik ostiralera saiatzen naiz jokalariei eman dezaketen guztia eskatzen, eta eurek beti ematen didate eskatzen diedana baino gehiago. Niregatik egin duten sakrifizioa itzuli nahi izaten diet igandero. Beraz, ostegunera arte ahotsik gabe gelditu behar badut, geldituko naiz. Niretzat ohore bat da ahal dudan guztian laguntzea, horixe da nire lan egiteko modua». Bideoan dio biziotzat zuela Realeko emakumezkoekin lan egitea. «Oso pozik nago beraiekin lan egiten dudalako. Fortuna handi bat dut horregatik».
Erreportaje hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; bertan jarraitu dezakezue irakurtzen.


