Aparkalekuetan deskontuak, tokiko merkataritza sustatzeko
Kanpainaren aurkezpeneko irudia. Gipuzkoako Merkatariak Federazioa Tokiko merkataritza eta ostalaritza babesteko xedez, Erdialdea, Egia, Gros eta Parte Zaharreko Merkatarien Elkarteak barne hartzen dituen Gipuzkoako Merkataritza Federazioak, Gipuzkoako Ostalarien Enpresarien Elkarteak eta Telparkek akordioa egin dute konpainiak kudeatzen dituen aparkalekuetarako deskontu kanpaina bat martxan jartzeko. Guztira, 2.637 leku kudeatzen ditu lurpeko sei aparkalekuetan: Okendo, Kontxa, Bulebarra, Easo, Katalunia plaza eta Atotxa.
Atzotik hilaren 31ra bitarte, herritarrek Multipass txatelak erosi ahal izango dituzte aparkaleku horietan 12 ordu arte kotxea uzteko aukera emango dietenak. Bost, hamar edo hogei erabilerako txartelak eskuragarri daude, %45eko deskontuarekin, 3,29 euro, 3,69 euro eta 3,99 euroko prezioan. Telparken aplikazioaren bidez eros daitezke eta aparkalekuan sartzeko eta irteteko aukera ematen dute matrikularen irakurketa digitalaren bidez, txartela erabili beharrik gabe eta prozesua arinduz. Gainera, erabiltzaileak paseari lotutako matrikula modu malguan aldatu ahal izango du aplikaziotik bertatik.
Horrez gain, Multipass txartela eskuratzen dutenek ekainaren 30a arte %30eko deskontua izango dute ibilgailu elektrikoen kargan aukera hori duten Estatu osoko Telpark aparkalekuetan
Egitasmoaren xedea tokiko ekonomia sustatzea eta hiriguneko aparkalekua erraztea da, bai egoiliarrentzat, bai bisitarientzat; aldi berean aparkaleku bila dabiltzan ibilgailuen isuriak murriztuz.


