Basque Culinary Centerren «elikadura eta negozio eredua» izango dute hizpide
Basque Culinary Centerren GOE eraikina.Beñat Parra Satorralaia plataformak, Manteo Bizirik elkarteak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Uliako Auzo Elkarteak antolatuta, Basque Culinary Centerren (BCC) elikadura eta negozio ereduari buruzko hitzaldi-eztabaida egingo dute hilaren 26an, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak eta Josema Azpeitia gastronomia kazetariak hartuko dute parte.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Zelaietak egindako ikerketen arabera, “BCCren negozio eredu publiko-pribatuaz baliatuz, erakunde publikoen eta Europako diru funtsen bidez eskuratutako hamarnaka milioi euro fundazio horrek nahiz enpresa laguntzaileek sustatutako hainbat programa eta makroproiektutara bideratu dira, besteak beste Okendo Aldeko orube publikoa okupatuz GOE izenarekin (Gastronomy Open Ecosystem) ezarri duen elikadurari buruzko ikerketa zentro teknologikoa eraiki eta abian jartzeko. GOEk bandera gisa darabilen ‘gastronomia eta digitalizazioa’-ren arteko fusioaren xedea, berriz, garapen teknologikoak azkartuz FoodTech arloan enpresa berrien sorrera bultzatzea eta Culinary Centerrekin aliatuta dauden elikagai industria eta janari banatzaile handien hedapena laguntzea da”.
Bestalde, gaineratu dutenez, Azpeitiak “gogor salatu du, joan den uztailean, BCCk munduko zabor janariaren marka ezagunenak biltzen dituen ‘errestaurazio markak’ deituriko elkartearekin izenpetu duen aliantza. Hots, “elikadura osasungarria eta jasangarria” sustatzeaz hitz egiten duen bitartean, BCC fundazioa aliantza horrekin ‘elikagaien kolonizazioaren eta globalizazio gastronomiko ikaragarrienaren eragile’ bihurtu dela azpimarratzen du Josema Azpeitia”.
“Arazoa, azken batean, honako hau da, Ahoztar Zelaietak ohartarazten duenez: nork diseinatzen du janariaren etorkizuna eta nork finantzatzen du?”, gehitu dute antolatzaileek.


