Martxoaren 25ean iritsiko da 24. Korrika Donostiara
22. Korrika, Zurriolatik.AEK Martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik (Zuberoa) eta 2.175 kilometro egingo ditu 11 egunetan, Euskal Herria zeharkatuz. Donostiara, ordea, martxoaren 25ean iritsiko da, 09:20etik aurrera eta Bilbon amaituko da, festa handi batekin.
Herreratik sartuko da Korrika Donostian, 09:20ean, eta Añorgatik irtengo da, 12:52ean. Aurretik pasatuko da Donostiatik ere, ordea, Trintxerpetik Altzara igoko baita 07:43ean, eta auzoari buelta osoa eman ostean, Pasai Antxo eta Errenteria aldera joango baita. Hortik bueltan, 09:20ean, Herreratik sartuko da Donostian, goiz osoa hirian barrena pasatzeko. Tartean, auzo gehienak zeharkatuko ditu, ordena honetan: Bidebieta, Intxaurrondo, Egia, Loiola, Txomiñenea, Martutene, Loiolako Erribera, Amara Berri, Amara, Erdialdea, Gros, Parte Zaharra, Antigua, Ibaeta eta Añorga. Hemen kontsultatu ditzakezue ordutegi zehatzak.
Korrikalagunek abantaila izango dute informazioa jasotzerako garaian, Korrikaren aplikazioari esker. Aplikazio horretan, ibilbideaz gain, furgonetaren geolokalizazioa eta zuzeneko irudiak emango dituzte. Errigora omenduko du aurten ekimenak, eta Zetak taldea izan da, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorenarekin batera, aurtengo korrikari doinua jarri diona: Xiberutikan mendebaldera du izena abestiak.
Motorrak berotzen joateko, hemen ikus ditzakezue 2024ko Korrikako Donostiako argazkiak auzoz auzo, eta, jarraian, 23. Korrika hark Donostiatik egindako ibilbidearen laburpen bideoa:


