Zardoya eremuan bizi direnentzat zein aukera dituen galdegin dio alkateari Ezker Anitza-IUk
Herrerako Zardoya eremua gero eta degradatuagoa dago.Inaxio Esnaola Udaleko Ezker Anitza-IUko bozeramaile Arantza Gonzalez Garciak Zardoyako eremuan “giza duintasunarentzat onartezinak diren baldintzetan” gaua pasatzen duten 200 pertsonentzako bizileku aukera bat eskatu dio Jon Insausti alkateari eta haientzako dituen bizitoki aukerak azal ditzala Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean. Eskaera hori Insaustik Zardoyako pabiloiak eraisteko udalak egin behar dituen tramiteak arinduko dituela jakinarazi ondoren dator.
Salatu duenez, “alkateak berehala lotu du eraispen hau segurtasun falta arazoekin, segurtasun falta hori immigrazioarekin lotuz eta hau guztiz onartezina da. Badalonako alkateak egin duen gauza bera egiten ari da”. Izan ere, oraindik pertsona horientzat lantzen ari den irtenbideen berri eman ez badu ere, “alkateak presaka eskatu du bilera bat Segurtasun sailburuarekin, immigrazioaren eta segurtasun ezaren arteko lotura hori azpimarratuz”.
Donostian 400 pertsona baino gehiago daude dagoeneko etxerik gabe, eta desalojo berri honek “600 pertsona baino gehiago utz ditzake gaua kanpoan igarotzen”.


