Zer plan astebururako Donostian?
Kantujira bateko artxiboko irudia.Aitor Odriozola Zubillaga Astebururako plan bila bazabiltza Donostian, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, baita, ziur, zure gustuko zerbait aurkitu ere. Horrez gain, jarraian, egun bakoitzeko proposamen bana egingo dizugu.
Ostiralerako (hilak 9), etxean edo inguruan haurrak dituzuenentzako plan proposamen bat egingo dizuegu: Traka Matrakaren Matraka ma non tropo haurrentzako ikuskizuna ikusi ahal izango da Okendo Kultur Etxean, 17:00etan. Gonbidapenak 16:00etatik aurrera eskatu daitezke, han bertan.
Larunbatean (hilak 10), 12:00etan Loiolako Izarraitz tabernara gerturatzea da gure gomendioa, bertatik abiatuko den kantujiran parte hartzera. Loiola Kantuzek antolatuta, auzoan barrena kantuan ibiliko dira eguerdian zehar.
Igandean (hilak 11), Antiguara joatea proposatzen dizugu, izan ere, urteroko legez, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta euskaltzalearen heriotzaren urteurrenaren bueltako omenaldi ekitaldia egingo dute. Aurten, gainera, Jone Forcada hilberria ere omenduko dute, militante nekaezina eta Txillardegiren alarguna. Pako Sudupek eta Agustina Pontestak hartuko dute hitza, aurreskua eta lore eskaintza egongo dira eta Revuelta, Etxebeste eta Azkena Zutik-en musika.
Bonus track. Hurrengo astean zehar egiteko plan bat ere utziko dizugu: ostegunean, hilaren 15ean, Bernardo Atxagak Enarak obraren inguruko gaiak eta kontaerak partekatuko ditu jendaurrean, San Telmo museoan (19:00). Joseba Apaolaza aktore aitortua izango du bidelagun, pasarte batzuk interpretatzen eta irakurtzen.


