Akaso, bihar
Ilargia.Joseba Parron San Sebastian Irakurle maitea:
Ziur zuk ere idatzi dituzula urte berrirako asmoak. Ziur eskatu diozula unibertsoari maitasuna eta osasuna. Argitasun eta bake mental pixka bat, estres gutxiago. Luzea da zerrenda, eta luzeagoa urtea bera, baina, utzidazu esaten, eskatutako gehiena ez dagoela unibertsoaren esku.
Zerotik hasten gara orain, abenduaren 31 urruti egongo balitz bezala. Txiki ikusten dugu, honezkero, inguruan dugun guztiarekin konparatuta. Orain, bai. Urtarrilak 1: osasuntsuago jan, kirola egin eta egiteke dauzkagunei arreta jarri, behingoz. Atzo ez, baina gaur bai. Gaur, honezkero, bai. Tira, gaur, agian, ez. Baina bihar bai. Bihar, seguru baietz.
Eta egiten ez badut, unibertsoari eskatuko diot, Olentzero bailitzan. Zer edo zer badago hor goian, ziur. Ilargiaren atzean ezkutatzen den zerbait. Urtean zehar zintzoa naizela ikusten duen norbait, trukean eskatutako hori bidaliko didana. Borondatea dudala ikusiko duena, nahiz eta gero erdibidean geratu. Ziur, bai. Etor dadin itxarongo dut; agian, konturatzen naizenerako, abendua izango da, berriz ere.


